Juanjo Martinez: “Talde immunitatea lortzea da pandemia gainditzeko modu naturala”

Barren.eus 2022ko ots. 11a, 13:53

Iratzargailua taldeak antolatuta, Juanjo Martinez (Irun, 1955) zirujauak hitzaldia eman zuen Maalako parkean. Martinezek kontsulta pribatua eduki zuen urteetan Eibarko Zentro Medikoan, eta gaur egun osasungintza publikoan dihardu lanean. ‘Askatasuna’ lemapean antolatu zuten hitzaldia, eta oso kritiko agertu zen agintariek Covid-19a kudeatzeko duten moduaz.

Txertoaren eta neurri murriztaileen kontrako argudioak eman zituen, eta bere ustez, pandemia gainditzeko beste modu batzuk daudela azaldu zuen. Elkarrizketa hau maskararen erabilera derrigorrezkoa zenean eta Covid ziurtagiria indarrean zegoela egin zitzaion.

 • Bertsio ofizialaren oso bestelakoa da zuena, eta ondorioz, negazionista abizena jarri zaizue. Osasungintza publikoko langilea izanda, nola bizi duzu hau guztia?
Negazionista terminoa nazismotik dator, eta negazionista esaten zitzaien Holokaustoa ez zela existitu esaten zutenei. Orain guri deitzen digute negazionista, euren ustez, gaixotasuna edo
birusa existitzen ez dela esaten dugulako. Baina hori ez da egia. Nire korronteko taldeak ez du gaixotasuna ezeztatzen, baina eskatzen duguna da gaixotasuna oinarri zientifikotik behar den moduan kudeatzea. Nire ustez, orain arteko kudeaketan hartu diren erabakiek ez daukate oinarri zientifikorik, eta neurri asko ez dira osasun neurriak. Adibidez, musukoen kasuan, ez dago oinarri zientifikorik ziurtatzeko bere erabilerak kutsatzea murrizten duela; PCR probek ez dute balio Covid-19a bezalako infekzio gaitzak atzemateko... Sinestezina da. PCR proban positibo eman duen pertsona osasuntsu bat etxean egotera behartzen dute, gaixo asintomatiko terminologian oinarrituta! Gaixoa eta sintomarik gabea izatea kontrakoak dira. Guk aspalditik defendatu dugu termino hori ez dela zuzena, eta orain Carlos III. Institutu Nazionaleko zuzendariak ere gauza bera esan du, eta erakunde hori da pandemiaren osasun kontrolaren ardura daukana. Gaixoak sintomak dituzten pertsonak dira. EAEn egin dituzten PCR proben %70 sintomarik gabekoei egin zaizkie, eta etxean sartu dituzte hamabost egunez hasieran, gero hamar egunez, eta ondoren, zazpi egunez. Gaixotasuna existitzen dela argi dago, baina gaitz hori zerk sortzen duen ikertu behar da, eta badirudi ez dela hori ikertu nahi.

 • Covid-19az hiltzeko arriskua murrizteko eta gaitza arinago pasatzeko modurik eraginkorrena txertoa dela esan zaigu, eta datu ofizialen arabera ere, ZIUetako gaixoen bi heren txertatu gabekoak dira. Zuk, baina, txertoaren gainean ere zalantzak dituzu. Zerk kezkatzen zaitu?
Lehenik eta behin argitu behar da orain txertatzen dutena ez dela txerto erreal bat. Botika geniko modifikatu bat da. Bakunak, definizioz, giza organismoa immunizatuko duten germen indargetuak dira, eta horri esker txertoa jasotzen duen pertsonak ez du gaixotasuna pasatuko. Bestalde, esperimentazio fase oso laburra izan duen medikamentua da. Osasungintzaren historian lau eta hamar urte bitartean behar izan dira txertoak garatzeko, eta txerto hau bi hilabete pasatxoan baliotu dute. Nola da posible biztanleria osoa txertatu nahi izatea, albo-ondorioak zeintzuk izango diren jakin gabe?. Gainera, badaude Covid-19aren kontrako botikak. Ozonoterapiak emaitza onak eman izan ditu, baina Espainian ez dute apenas erabiltzen. Txertoa ez den alternatibak badaude, baina ikertu egin behar dira, eta hemen ez dago ikertzeko interesik. Nik uste dut populazio guztia txertatzeko interesa zegoela hasieratik, eta hori lortzeko beldurra erabili dute. 2020ko martxoan Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) esan zuen munduko biztanleriaren %3,4 hilko zela Covid-19ak jota. 7.500 milioi biztanle daude munduan, eta kalkuluak ondo egin baditut, horrek esan nahi du 300 milioi inguru hilko zirela. 2020ko datuen arabera, 1.700.000 biztanle hil dira Covid-19agatik, eta hori datuak puztu dituztela. Biztanleriaren %0,02 da hori, eta horrek esan nahi du biztanleriaren %99k gaixotasuna gainditu zuela. Hasieran emandako portzentajetik oso urrun dago, beraz, datu hori. Azkenaldian irakurri dudanez, ikerketak egin dituzte Covid-19aren hilkortasunari buruz, eta datuen arabera, hildako horien guztien %25 soilik hil dira Covidagatik. Espero dut berandu baino lehen hau guztia argitzea. Gezurrak eta beldurra erabili dituzte etenu gabe, eta esango nuke bazekitela gainera gezurretan ari zirela, baina komunikabideek ere bertsio ofizialaren kanpaina babestu dutela. Gizartea beldurtuta dago. Ez da normala pertsona bat bere autoan leihoak itxita eta FFP2 maskara jantzita ikustea.

 • Umeak txertatzearen kontra agertu zarete, bereziki. Zein arrisku ikusten dizkiozu umeak txertatzeari? Zergatik horrenbeste erreparo txerto honekiko?
Umeak txertatzea delitua da, umeek arin pasatzen dutelako gaixotasuna. Umeetan Covidagatik dagoen heriotza-tasa oso baxua da, eta hil direnak beste gaixotasun larriagoren bat zutenak izan dira. Gainera, demostratu da umeek ez dutela hasieran uste zen beste transmititzen gaixotasuna, eta adinekoak babesteko umeak txertatu behar direla esatea, gizarte gaixo baten adierazle da. Zaindu ditzagun zaurgarriak, baina umeak bakean utzita. Albo-ondorioak benetan kaltegarriak izan daitezke, eta dagoeneko hasi dira umeen artean periocarditis eta miocarditis kasuak areagotzen, eta txertoaren ondorioz hildakoak ere erregistratu dira. Gainera, 2020ko txerto bat ari dira ematen, jakina denean birusaren aldaera berrien aurrean ez duela babesik. Urtebete pasa daramate jendea txertatzen, eta ikusi dugu txertatuak beste guztiak bezalaxe kutsatu direla. Euskadin eman dizkiguten datuen arabera, ZIUetako gehienak txertatu gabeak dira, baina Asturiasko ZIUko buruak esan zuenez bere ospitaleko ZIUn ingresatutakoen %80 txertatutakoak ziren. Extremaduran, Covidarekin hiltzen direnen kasuan bereiztu egiten dituzte txertatuak eta txertatu gabeak, eta lau hilabeteko azterketa egin ostean esan dute hildakoen %87,4 txertatuak zirela, eta %12,6 txertatu gabeak. Eusko Jaurlaritzari datu hau eskatu zitzaionean esan zuen ez zeukala datu hori. Nola da posible datu hori ez edukitzea?. Kontua da ez dutela eman nahi.

 • Txertoa, zuen ustez, ez bada Covid-19aren kontrako metodo egokia, zein da egoera hau gainditzeko modua?
Talde immunitatea lortzea da pandemia gainditzeko modu naturala, biztanleak gaixotasunarekin harremanetan jartzea. Horrek ez du esan nahi denek gaixotasuna pasatu behar dutenik. Antigorputzak sortzen dira, baina askok ez dute gaixotasuna garatuko, aldiz, bai, immunitatea, eta horri esker, lortuko dugu gaitzak indarra galtzea. Txertoaren eragina goraipatzen dute, baina gaitzak indarra galdu badu, birus guztien eboluzio naturalari esker izan da. Orain asmatu dute immunitate hibridoaren kontzeptua, hau da, gaixotasuna pasatu eta txertatzea immunitate hibridoa lortzeko modua dela, baina hori ere kontzeptu okerra da, eta hainbat adituk esan dute horrek kalte gehiago egiten duela mesede baino. Tronbo kasuek gora egin dute, eta nik argi daukat txertoaren albo-ondorioa dela hori. Bihotzeko gaixotasunak eta haien ondorioz hildakoen kopuruak ere nabarmen egin du gora. Ni ez nago txertoen kontra: bidaiatzeko beharrezko txertoak hartu izan ditut, nire alabak bakunatuta daude, baina txerto hau, txerto erreala ez dena, esperimentazio fasean dagoena oraindik. OMEk gainera esan du martxoan pandemia bukatuko dela, beraz, ez dakit zertan ari diren.

Iratzargailua taldekoek bideoan jaso zuten Juanjo Martinezek Elgoibarren emandako hitzaldia

2022 02 11 juanjo martinez hitzaldia elgoibar iratzargailua maalan 1

2022 02 11 juanjo martinez hitzaldia elgoibar iratzargailua maalan