Kalean maskara eramatea ez da nahitaezkoa izango datorren astetik aurrera

Barren.eus 2022ko ots. 4a, 10:12

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak bertan behera lagako du kalean maskara jantzi beharra agintzeko abenduaren 22an ezarritako agindua.

Espainiako Gobernuko Osasun sailburuak, Carolina Dariasek, Ser irratian eginiko adierazpenetan aurreratu du erabakiaren berri. Esan du Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak martitzenean, otsailaren 8an, onartuko duela aire zabalean maskara erabiltzeko derrigortasuna bertan behera lagako duen dekretua. Hurrengo egunean argitaratuko dute Estatuko Aldizkari Ofizialean, eta eguenean, otsailaren 10ean, sartuko da indarrean.

Bilakaera epidemiologikoa hobetu izana kontuan izan dutela adierazi du Dariasek. Alabaina, maskarak derrigorrezkoa izaten jarraituko du espazio publiko itxietan, orain arteko baldintza berberetan.

 • Ziurtagiririk ez, inon
Era berean, Eusko Jaurlaritzak Osasun ziurtagiria gehiago ez eskatzeko araua argitaratuko du gaur. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aste honetan emandako ebazpena kontuan hartuta erabaki dutela neurria bertan behera uztea azaldu du Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik.
Egun, 50 bezero baino gehiago hartzeko tokia duten jatetxeetan eta gaueko aisialdian da derrigorrezkoa osasun ziurtagiria, azaroaren 17tik indarrean dagoen arau baten arabera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) Osasun sailburuaren agindu bat argitaratu du gaur, eta agindu horrek indarrik gabe laga du.