Debabarrena eskualdeko Mankomunitateak 14.890.565 euroko aurrekontua onartu du 2022rako, iazkoa baino %2,66 handiagoa.

Barren.eus 2022ko urt. 24a, 12:14

Ia 15.000.000 euroko aurrekontua izango du Debabarrena Mankomunitateak 2022rako.

Mankomunitateak 14.890.565,16 euro izango ditu aurtengo jardunerako. Aurrekontuko kopururik handiena hiri-hondakinak gaika biltzeko zerbitzura bideratuko dute, 9 milioi euro pasa. Gainerako 4 milioi euro pasak kale-garbiketarako izango dira. Erakundeko presidente Iosu Arraizek aurrekontuaren berri emateko eginiko agerraldian azaldu duenez, helburua da Mankomunitatearen “zerbitzuen kalitateari eustea”.

Mankomunitatearen ardurapeko bi zerbitzuen artean, honela banatuko da dirua:

  • 9.196.621,51 euro izango dira hiri-hondakinak gaika biltzeko, 2021ean baino 68.254,53 euro gehiago. Honako partidak indartuko dituzte: langile gastuetara bideratutakoak (hiru lanpostu gehiago sortuko dituzte); uharteen garbiketarakoa; herriz herri ematen dituzten organikoendako poltsak erostekoa eta Mankomunitateko ibilgailuak berritzekoa.
  • 4.252.587,65 euro, berriz, izango dira kale-garbiketarako, 2021ean baino 177.744,55 euro gehiago. Kasu honetan, inbertsiorik handienak izango dira makina berriak erosteko: makina garbitzaile elektriko bat, sasiak garbitzeko makina elektrikoa eta presio bidezko garbiketa-makina.

 • Herritar bakoitzeko 185,44 euro
Herritar bakoitzeko 185,44 euro inbertituko ditu Mankomunitatea aurten, hondakinen bilketan, birziklatzean eta kale garbiketan. Mankomunitateko presidenteak azpimarratu du “ahalegin berezia” egin dutela “zerbitzuen kalitatea hobetzeko, eskualdeko birziklatze-datuak hobetzen jarraitzeko” helburuarekin. “Horrek kalitatezko zerbitzuak eskaintzea eta herritarren inplikazioa eskatzen ditu eta eskualdeko gaikako bilketa hobetzeko gure aldetik egin dezakegun guztia egiteko konpromisoa hartu dugu aurten ere”, esan du Arraizek. Era berean, gaineratu du, aurrekontua osatzerakoan euren helburua Mankomunitatea osatzen duten Udalen kuotak mantentzea eta ahalik eta gutxien igotzea izan dela.

Bestalde, inbertsioei dagokienez, 1.376.142 euro bideratuko dituzte, batik bat, baliabide materialak hobetzeko.

 • Sarrerak eta gastuak
Sarrerei dagokionez, berriz, 843.502 euroko diru-sarrerak aurreikusten ditu Mankomunitateak, 2021ean baino 37.641 euro gehiago. Kasu honetan, nabarmendu dute diru-sarrera gehiago izatearen arrazoi nagusia dela Saica Natur Norte SL enpresarekin papera eta kartoia saltzeko duten kontratua. Hortik 95.000 euro eskuratuko dituztela aurreikusi dute.

Eta gastuen atalean, kopururik handienak dira, batik bat, langileen soldatak ordaintzeko zein Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak fakturatutako hondakinen alta kudeatzeko.