Bere autoak harrapatuta zauritu den gizon bat helikopteroan eraman dute Karakatetik

Barren.eus 2022ko urt. 16a, 17:01

Karakate gainean gertatu da ezbeharra, 14:10ak inguruan. Tontorretik gertu, bide bazterrean aparkatuta zegoen autoak jabea harrapatu du, eta zaurituta eraman dute helikopteroan.

Bide bazterrean zegoen aparkatuta autoa, belar gainean, eta autoa asfalto gainera ateratzeko saiakeretan ari zirela gertatu da istripua, dirudienez. Ez dugu informazio zehatzik zer eta nola gertatu den, baina oraindik argitzeke dauden arrazoiegatik autoa aldapa behera mugitzen hasi da, eta autoaren jabea, 40 urteko gizonezko elgoibartarra harrapatu du. Maldan behera egin du ibilgailuak eta aurrekaldearekin pinu baten aurka jo duenean gelditu da.

Larrialdietako zerbitzuei deitu diete eta anbulantziak, ertzainak eta suhiltzaileen bi kamioi bidali dituzte Karakate gainera. Osakidetzako helikopteroa ere bidali dute eta lur hartu ahal izateko lekua behar zuela-eta, bertan aparkatuta zeuden ibilgailuen jabeei deika aritu dira, autoa mugi zezaten, horietako asko mendian zebiltzan arren.
Azkenean, helikopteroan eraman dute zauritua, Gurutzetako ospitalera. Lekukoek jakinarazi dutenez, zauritutako gizonak ez zuen zauri larririk, eta "susto handi bat" izan dela azaldu dute.

2022 01 16 autoa istripua karakate 1

2022 01 16 istripua karakate helikopteroa antena barren

2022 01 16 autoa istripua karakate anbulantzia suhiltzaile barren