Osakidetzako “gainkarga” eta “utzikeria” salatu dituzte osasun zentroen aurrean

Barren.eus 2022ko urt. 13a, 14:32

Osasun zentroen atarietan elkarretaratzeak egin dituzte gaur eguerdian, lehen mailako arretak duen "kolapso" egoera eta "gainkarga" salatzeko, eta Elgoibarko zein Mendaroko anbulatorioetako atarietara ere batu dira protesta egitera.

Joan den abenduaren 22an egin zuten moduan, Osakidetzako hainbat langile eta herritar kalera irten dira protesta egitera. Osakidetzako lehen mailako arretaren "egoera jasanezina" salatu zuten abenduan eta egoerak onera baino "okerrera" egin duela-eta, egoera horri aurre egiteko, "berehalako neurriak" eskatuko dituzte gaurkoan. Osasungintzako sindikatu guztiek (SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT) deitutako protesta ekitaldia izan da. Sindikatuek salatu dute Osakidetzako beharginen eskasia hain dela nabarmena, Osakidetzak autotest COVID neurriak ezarri dituela, "hau da, paziente bakoitzak bere lagina jaso behar du, lan hori egiteko langile nahikorik ez dagoelako".

Hala ere, Osakidetzan gertatzen ari dena, ez dela pandemiaren ondorio azaldu dute. "Egungo osasun-krisiak are gehiago larriagotu du egiturazkoa eta pandemiaren aurrekoa den egoera. 2019an, lehen mailako arretako langileek hiru greba egun egin zituzten garai hartan bizi zuten egoeraren larritasuna salatzeko. Bi urte geroago, egoerak okerrera egin du”, salatu dute sindikatuek, eta honakoa gaineratu dute: “Egoera kezkagarria izan arren, Eusko Jaurlaritzak ez ditu urratsak ematen aipatutako arazo larriak konpontzeko. Onartu berri den 2022rako Aurrekontuen Legeak osasungintzarako inbertsio bat aurreikusten du, 2021ean benetan gastatutakoa baino 16 milioi euro gutxiagokoa”.
Osasun beharginen kolektiboaren lan baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien arretaren kalitatea "prekarizatzeaz" gain, pandemia "aitzakia" bihurtu dutela diote, "Osakidetzak murrizketak aplikatu, eta pazienteak osasun publikora iristea zailtzeko". Horrekin guztiarekin batera, "plangintzarik eza, errefortzurik eza eta inbertsiorik eza" ere salatu nahi dituzte, eta ohartarazi dute pandemiaren kudeaketak eragindako lan kargaren igoera esponentziala dela eta, horren eraginez, "itolarrian" dagoella lehen arretako zerbitzua.

Osakidetzaren aurrekontua handitzea "premiazkoa" dela eskatu dute bost sindikatuek. Eta uste dute aurrekontuak Europar Batasuneko batez bestekora ailegatu beharko litzatekeela, Barne Produktu Gordinaren %7koa izan beharko litzatekeela, eta diru horren %25 lehen arretara bideratu. Era berean, eskatu dute plantillak "berehala indartzea" eta giza baliabide "nahikoz" hornitzea kategoria guztietan, "milaka plaza sortuz aldi baterako milaka langile finkatzeko, gehiegizkoa den aldi baterako kontratazioarekin amaitzeko eta lan-kargak arrazionalizatzeko". Aurrekoaz gainera, premiazkotzat jo dute "bajan dauden langileen ordezkoak lehen egunetik ipintzea".

2022 01 13 elkarretaratzea mendaro anbulatorioa lehen arreta