Pandemia hasi zenetik eduki duten intzientzia-tasa altuena dute Elgoibarrek eta Mendarok

Barren.eus 2022ko urt. 3a, 18:15

Pandemia hasi zenetik inoiz izan dituzten intzidentzia-tasa metatu altuenak dituzte Mendarok eta Elgoibarrek, Euskal Herriko hainbat eta hainbat herritan gertatzen ari den moduan, halere.

Hamalau eguneko intzidentzia tasa metatu altuena du Elgoibarrek Debabarrena eskualdean, 4.376,08koa, hain justu ere. Astebetean 2.600 puntu egin ditu gora intzidentzia-tasak, 1776,43an baitzegoen abenduaren 26an. Izan ere, azken zazpi egunetan, abenduaren 27tik urtarrilaren 2ra bitartean, 357 kasu positibo zenbatu dituzte Elgoibarren, kasu kopuru handiena pandemia hasi zenetik. Egun bakarrean inoiz antzemandako kopururik altuenak izan dira azken egunetan, eta abenduaren 30ean atzeman zituzten egun bakarrean atzemandako kasu kopuru altuena: 69 positibo. Beste horrenbeste esan daiteke Mendaroko datuez ere. Astebetean 44 kasu positibo atzeman eta gero, 3.120,57an dago intzidentza-tasa. Elgoibarren moduan, Mendaron ere abenduaren 30ean jo zuen goia egun bakarrean atzemandako positiboen kopuruak, 12 zenbatu baitzituzten. 

Hala eta guztiz, Gipuzkoako intzidentzia-tasaren (5130,35) azpitik daude Mendarokoa zein Elgoibarkoa, COVID-19ak kontrolik gabe hedatzen jarraitzen baitu bai lurraldean eta baita Hego Euskal Herrian ere. Atzo esaterako, egun bakarrean, 11.281 positibo zenbatu zituzten Hego Euskal Herrian. Guztira, 29.416 PCR eta antigeno proba diagnostiko egin zituzten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan; eta positibo tasa %38,3 da.

Abenduaren 27tik urtarrilaren 2ra bitarteko COVID-19 kasu positiboak, Debabarreneko herrietan:

  • Elgoibar +357 (28 49 47 69 59 51 54) 4376,08ko intzidentzia-tasa
  • Deba +161 (16 22 24 29 25 25 20) 4346,23
  • Soraluze +120 (5 16 9 26 23 17 24) 4101,66
  • Eibar +751 (71 85 100 133 104 104 154) 3876,39
  • Ermua +406 (32 54 50 54 69 57 90) 3720,58
  • Mallabia +33 (4 2 5 6 3 2 11) 3697,48
  • Mendaro +44 (3 6 5 12 10 7 6) 3120,57
  • Mutriku +78 (5 6 4 15 22 10 16) 2521,64
  • GIPUZKOA +31.429 (2301 2945 4686 4139 4731 3649 3848) 5130,35

 

 • 35 hildako
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera man duenez, 35 pertsona izan dira azken zazpi egunetan koronabirusaren eraginez hil direnak. 2020ko martxoaren 1etik 2022ko urarrilaren 2ra 6.354 lagun hil dira Euskal Herrian koronabirusarekin.

Ospitaleei dagokienez, Osasun Sailaren arabera, COVID-19a duten 560 lagun daude ospitaleratuta solairu arruntetan, eta beste 132 ZIUetan. Osasunbideak adierazi duenez, Nafarroan 188 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 24 ZIUetan.

2022 01 03 ZIUetan datuak jaurlaritza

2022 01 03 ospitaleen erabilera jaurlaritza

2022 01 02 korodata elgoibar covid19 urt2ra

2022 01 02 korodata mendaro urt2ra