Osakidetzako lehen mailako arretaren "egoera jasanezina" salatzeko, elkarretaratzeak egin dituzte anbulatorioetako atarietan

Barren.eus 2021ko abe. 22a, 13:47

Herri eta hiri guztietako osasun zentroen aurrean elkarretaratzeak egin dituzte gaur, 13:00etan, Osakidetzako lehen mailako arretaren "egoera jasanezina" salatzeko eta "benetako eta berehalako konponbideak" eskatzeko, baita Mendaron eta Elgoibarren ere. Arratsaldean manifestazioa egingo dute Elgoibarren, 17:30ean hasita.

ELA, Satse, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratzera deitu zuten gaurko. Sindikatuek lehen mailako arretaren aurrekontua handitzea eskatzen dute, Europar Batasunaren parera iritsi arte –BPGaren %7–. Gainera, lan taldeak "berehala indartzea" eta kategoria guztietan giza baliabide "nahikoa" ematea nahi dute; izan ere, 1.000 plaza gehiago behar direla aurreikusi dute. Era berean, aldi baterako langileak finkatzea eta gehiegizko aldi baterako kontratazioarekin amaitzea eskatu dute, baita lan-kargak arrazionalizatzea eta absentzia guztiak lehen egunetik ordezkatzea ere.

Sindikatuek ohar bateratuan azaldu dutenez, pandemiak are gehiago tenkatu du lehen ere hilzorian zegoen asistentzia-mailaren egoera; "izan ere, arazoak egiturazkoak dira, eta egungo osasun-krisia baino askoz sakonagoak eta zaharragoak", esan dute. Dena den, pandemiak osasun zerbitzuaren kalitatea prekarizatu duela esan dute eta murrizketak aplikatzeko eta pazienteak osasun publikora iristea zailtzeko aitzakia bezala erabili dutela salatu.
Gogoratu dute, pandemiaren aurretik, osasun beharginek hiru greba egun egin zituztela 2019an, "inbertsio faltagatik, irisgarritasun-murrizketengatik, zerbitzuen eskaintzarik ezagatik eta profesionalen eskasiagatik" eta ez zutela ontzat jo Osakidetzak orduan mahai gainean jarritako estrategia dokumentua, ez zuelako arazo nagusian sakontzen "azken hamarkadetako inbertsio eza", alegia.
Egoerak okerrera egin duela salatu dute eta agerian geratu dela Osakidetzako arduradunen aurreikuspen falta. "Horren guztiaren adibide ona da langileak seigarren olatuari aurre egiteko erabiltzen ari diren baliabide, antolaketa eta plangintza eza. Lehen olatua izan eta urte eta erdira, osasun zerbitzu urria, nekatua eta baliabiderik gabe dugu". Nabarmendu dute langileek %60 inguruko behin behinekotasun tasa dutela, urrian indartze kontratuak amaitu zituztela, arakatzaileak erdira jaitsi dituztela eta herritarrek telefono bidezko arreta jasotzen dutela.

 • Manifestazioa, arratsaldean
Arratsalderako manifestazio bat ere antolatu dute Elgoibarren, "PAC bizirik urgntziak bizirik" lelopean. 17:30ean hasiko da Kalegoen plazatik.

2021 12 22 elkarretaratzea ANBULATORIO mendaro

2021 12 22 elkarretaratzea anbulatorioa elgoibar lehen mailako arreta barren 1

2021 12 22 elkarretaratzea anbulatorioa elgoibar lehen mailako arreta barren 2

2021 12 22 elkarretaratzea anbulatorioa elgoibar lehen mailako arreta barren 3