Gizon bat atxilotu dute Sallobenten ariketa fisikoa egiten ari zen emakume bati eraso egiteagatik

Barren.eus 2021ko abe. 14a, 19:56

Gizon batek eraso egin die ariketa fisikoa egiten ari ziren hiru emakumeri, Sallobente auzoan, eta emakumeetako bat buruan zauritu du burdinezko objektu batekin edo kolpatuta.

Gertakaria 17:15ean gertatu da Sallobente auzoan. Baselizaren atzeko aldean, zelaigunean, gimnasia ariketak egiten ari ziren hiru emakume, eta adierazi dutenez, "bat-batean" eraso egin die gizonezkoak, aurrez euren arteko hartu-emanik izan gabe. "Gutako bat jotzen saiatu da puntan kate edo arantza modukoak zituen burdinezko makila batekin, baina kolpeei izkin egitea lortu du lagunak, erasotzailea baino altuagoa zelako", azaldu du emakumeetako batek. Ezezagunak laguna berriro jotzeko asmoa zuela ikusita, laguna babestera, defentsara joan da bi emakumeetako bat, eta garezurarren goikaldean kolpatu du objektuarekin. "Golpe oso gogorra izan da, bazekien zertan zebilen, trebetasunez erabili baitu makila modukoa eta odoletan laga du nire laguna. Eskerrak hiru ginen. Txikituko gintuen kolpeka", esan du emakumeetako batek. Lagunari buru gainetik odol "dezente" ateratzen zitzaiola ikusita, eta berriro eraso egingo zien beldur zirenez, laguntza eske oihuka hasi dira emakumeak. Lerro hauek idazten dituen kazetaria eta pasiaran zebiltzan hiruzpalau lagun suertatu dira parean, eta mesedez euren alboan gelditzeko eta laguntza emateko erregutu diete emakumeek, larrialdietara deitzeko laguna odoletan zegoelako, eta baita Poliziari ere, erasotzailea oraindik inguruan zebilelako. Inguruko bizilagun batek aitzur bat ekarri du, erasotzailearengandik defendatzeko, badaezpada. Era berean, laguntza ematera gelditu diren herritarrek larrialdi zerbitzuetara deitu dute, eta telefonoz mediku batekin jarri dute kontaktuan zauritutako emakumea. Zauriaren gainean eskuzapi batekin presioa egiteko esan dio medikuak, anbulantzia iritsi bitartean. Ez du konorterik galdu, eta abisua eman eta bost minutu baino lehen ailegatu da anbulantzia. 

Ertzainak eta udaltzaingoko agenteak heldu dira handik gutxira. Emakumeek esan diete Sallobenteko ermitako aterpean zegoela erasoa egin dien gizona, Sallobente elkartekoek barbakoa egiteko erabiltzen duten gune ilun horretan, motxila handi bat eta bere gauzak baitzituen han. Bertan lo egin duela azaldu du auzotar batek. Ertzainak eta udaltzainak gerturatu zaizkionean lurrean buruz behera etzanda zegoen gizona; ez du zirkinik egin. Atxilotuta eraman dute.

2021 12 14 emakumeari erasoa sallobente elgoibar odola

2021 14 12 gizona atxilotu erasoa sallobente elgoibar

2021 12 14 sallobente erasoa ertzainak anbulantzia