Auzitegi Nagusiak leku itxietan COVID ziurtagiria ezartzeko baimena eman du

Barren.eus 2021ko abe. 14a, 15:19

Jaurlaritzak COVID ziurtagiriaren erabilera eremu gehiagotara zabaltzeko egindako eskaria onartu egin du EAEko Auzitegi Nagusiak, salbuespen batekin.

Hortaz, COVID Ziurtagiria izatea eta erakustea beharrezkoa izango da barrualdean, besteak beste, ospitaleetan, egoitzetan, kiroldegietan eta kultura-ikuskizunetan. EAEko Auzitegi Nagusiak, baina, puntu batean bota du atzera Jaurlaritzak egindako eskaria: kirol-instalazio irekietan covid pasaportea erakustera behartzeko asmoari. Futbol zelaietan, esaterako.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak argudiatu duenez, Eusko Jaurlaritzaren dekretuko "puntu batek ere ez du behar bezala arrazoitzen covid ziurtagiria toki irekietara zabaltzeko beharra". Halaber, esan du ez dagoela beste epaitza gune ireki horietan ziurtagiria erabiltzeari buruz.

Gainera, magistratuen arabera, pasaportearen eskakizuna espazio irekietara zabaltzeak "proportzionaltasun-iritzia gainditzen du, Euskadin gaur egun indarrean dauden neurri murriztaileek murriztu egiten baitute espazio irekietako jende-pilaketetan egon litekeen kutsatze-arrisku oro".

"Nahiz eta espazio irekietan, Ministerio Fiskalak adierazten duen bezala, kutsatzeko arriskua egon, ez gatoz bat eskatutako neurria baimendu behar dela dioen ondorioarekin", esan du bere autoan Salak, "kutsatzeko arriskua, zoritxarrez, eguneroko bizitzako esparru guztietan dagoelako".

Orain ezarritako neurriak "2022ko urtarrilaren 31ra arteko iraupena" izango du. Jaurlaritzaren eskaeran zehazten da bi herritar taldek ez dutela ziurtagiria aurkeztu beharko: 12 urtetik beherakoak eta lanean ari diren establezimenduetako beharginak.

Eremu hauetan eskatuko da covid ziurtagiria:

1. Kontzertu-areto eta erabilera anitzeko aretoetan edo bestelako espazio itxitan, kontzertuak, musika-jaialdiak eta bestelako kultura eta arte-ekitaldiak egiten badira.

2. Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduetan, bankete-aretoak barne, dantzatzeko aukera ematen duten jarduerak egiten direnean, bertaratuen
kopurua edozein dela ere.

3. Kiroldegi, gimnasio eta barruko beste espazioetan, jarduera fisikoa eta/edo kirola egiten denean, kirolarientzat, laguntzaileentzat eta
publikoarentzat.

4. Ospitale eta zentro soziosanitarioetan, baita espetxeetan ere, bertan daudenak bisitatzera joaten direnentzat.

Joan den abenduaren 4tik COVID Ziurtagiria derrigorrezkoa da 50 lagunetik gorako taberna, jatetxe eta dantzalekuetara sartzeko

∞Lotura duten albisteak: