Gorputza eta sexualitateari buruzko jardunaldia egingo dute Elgoibarren, ziklo menstruala bere osotasunean ezagutzeko

Barren.eus 2021ko abe. 13a, 14:13

Elgoibarko Udaleko Berdintasun Sailak ‘Gure gorputza eta sexualitatea’ izeneko egun osoko formakuntza saioa antolatu du abenduaren 18rako. Egitasmo honen baitan, kopa menstrualen inguruko ezagutza ere sustatu nahi dute.

Lilan, Elgoibarko Emakumeen Etxean, egingo dute trebakuntza jardunaldia, abenduaren 18an, zapatua, 9:30ean hasita. Ziklo menstruala bere osotasunean ezagutzeko jardunaldia izango da. Izan ere, antolatzaileek azaldu dutenez, hutsune handia dago emakumezkoen gorputzen inguruko jakintzan, eta baita hilekoaren inguruan ere. "Tabua, lotsa, beldurra, mina, e.a. dira hilekoarekin lotzen diren hainbat kontzeptu. Fase desberdin bakoitzean hormonen dantza izan ohi da eta, ondorioz, garrantzitsua da jakitea behar eta desio desberdinak edukitzen direla; hilekoa odola baino gehiago baita. Jardunaldi honetan, hilekoaren ziklo osoa eta haren faseak azalduko dira, norberaren auto behaketatik eta bizipenetatik hasita” azaldu dute Udaleko Berdintasun Saileko arduradunek.

Saioa herriko emakume gazteei zuzendua (16-26 urte) dago, eta hiru aditu izango dira hizlariak: Zuriñe Hidalgo, Iratxe Garate eta Enara I. Dominguez. Jardunaldiko aurkezlea eta moderatzailea Nora Kortaberria izango da. Ez da ordaindu behar jardunaldian parte hartzeko, baina aurrez izena eman behar da www.elgoibar.eus-en (https://labur.eus/ziklikak) abenduaren 15a baino lehen. Izen-ematea bakarka egin beharko da, eta Elgoibarren erroldatutakoek lehentasuna izango dutela zehaztu dute.
Jardunaldian berba egingo duten hiru adituek honela definitu dituzte euren buruak:

  • Zuriñe Hidalgo: "Musika eta abestea pasio duen sortzailea naiz, pertsonekin lan egitea gogoko duen komunikatzailea, hezkuntzaren mundua maite duen irakaslea, eta, azken urteetan, ikuspegi biopsikosozial batetik, emakumearen ziklikotasuna aztertzen ibili den gorputz menstruantea”.  
  • Iratxe Garate: "Fazialista eta emakumeen terapeuta naiz, edertasuna eta osasuna era holistikoan lantzen ditut”.  
  • Enara I. Dominguez: "Ipurtarina eta bilatzaile nekaezina naiz. Autodidakta naiz, eta bizipenetatik ikastea maite dut. 2016. urtean, beste zenbait proiektu koordinatu eta kudeatzeaz gain, nire proiektu pertsonala martxan jarri nuen: mundu arrotz honetan, hilerokoa duen gorputz bezala ‘Ziklikoki bizitzen’ nabil".


 • Pintxo-bazkaria eta bertso saio feminista eta kontzertua
Hizlarien solasaldiaren ostean, pintxo-bazkaria egingo dute parte hartzaileek. Bazkalostean bertso saio feminista izango da Maialen Akizurekin eta Amaia Agirrerekin, eta bukatzeko, 19:00etan, Alarma Morea taldearen kontzertua Aita Agirreko Kultur Kafean.
 • Kopa menstrualak
Egitasmo honen baitan, kopa menstrualen inguruko ezagutza sustatu nahi da, eta honek dituen abantailen inguruko zabalkundea egin. Izan ere, Berdintasun Sailak kopa menstrualak banatuko dizkie Elgoibarko emakumeei. Horretarako, aurrez eskaera egin beharko da 2022ko urtarrilaren 9a baino lehen ondorengo loturan: https://labur.eus/hilekoaren_kopa

 • Emakumeen higiene intimorako produktuak
Udal ekipamenduetako arreta zerbitzuetan emakumeentzako higiene produktuak izango dira, beharra duten herritarrek eskatu ostean banatu ahal izateko. Ondorengo espazioetan eskatu ahal izango dira: HAZen (Herritarren Arreta Zerbitzua), Gotzon Garate Udal Liburutegian, Udal Euskaltegian, Ludotekan, Gaztelekuan, Olaizaga kiroldegian, Inazio Bereziartua musika eskolan eta Herriko Antzokian. Azken egitasmo honen helburua da, aurreikusi gabeko beharren aurrean, herritarrei zerbitzua eskaintzea.

2021 12 13 Emakumeen gorputza eta sexualitatea kartela