Azken lau egunetan 28 koronabirus kasu berri zenbatu dituzte Elgoibarren eta lau Mendaron

Barren.eus 2021ko aza. 29a, 14:55

Azaroaren 25etik 28ra bitartean 284 COVID-19 kasu baieztatu dituzte eskualdean, horietako 28 Elgoibarren eta lau Mendaron. Debabarreneko herri guztietan egin du gora 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak, Mendaron izan ezik.

Elgoibarren 28 koronabirus kasu atzeman dituzte azken lau egunetan: 10 eguenean, 10 barikuan, 6 zapatuan eta 2 domekan. Intzidentzia tasak 78 puntu egin du gora ostegunetik hona, eta 805,89ekoa da gaur gaurkoz. Mendaron lau koronabirus kasu baieztatu dituzte antigeno eta PCR probetan, baina zertxobait behera egin du intzidentziak: 1.323tik 1.183ra. Intzidentzia-tasa jaitsi den eskualdeko herri bakarra da.

Azaroaren 25etik 28ra bitarteko COVID-19 kasu positiboak, Debabarreneko herrietan:

  • Mallabia +7 (2 3 1 1) 2100,84ko intzidentzia-tasa
  • Mendaro +4 (3 1 0 0) 1182,03
  • Ermua +63 (10 11 18 24) 1017,54
  • Eibar +139 (36 46 35 22) 1259,37
  • Mutriku +23 (4 10 6 3) 846,82
  • Elgoibar +28 (10 10 6 2) 805,89
  • Deba +12 (2 2 4 4) 458,46
  • Soraluze +4 (1 3 0 0) 201,31
  • GIPUZKOA +2002 (676 536 415 375) 807,26

471,56 da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia tasa orokorra (duela astebete 321,59koa zen). Domekan 6.389 proba egin zituzten hiru lurralde horietan, eta 663 positibo zenbatu; hau da, proba egin zuten herritarren %10,4k eman zuten positibo. Nafarroan 202 lagunek eman zuten positibo atzo, domeka, egindako 2.056 probetan.

Ospitaleetan, pixkanaka bada ere, hasiak dira kutsatze datuen eragina nabarmentzen. Osakidetzaren erietxeetan 214 lagun daude ospitaleratuta COVID-19aren eraginez, azaro erdialdean baino 100 gehiago. Gainera, 47 pertsona daude Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Gotzone Sagardui Osasun sailburuak joan den astean ohartarazi zuen ZIUetan 50 gaixo eduki bitarte ez zuela osasun larrialdia ezarri beharra aurreikusten. Adierazpen horien inguruko zehaztapena egin du gaur Radio Euskadiko Boulevard saioan egin dioten elkarrizketan eta esan du "agian" ZIUetan 50 gaixo eduki baino lehen ezarri beharko dutela osasun larrialdia.
Nafarroan, Osasunbidearen erietxeetan, 80 lagun daude ospitaleratuta, eta hamahiruk behar dituzte zainketa bereziak.

Hildako kopuruan ere igoera egon da: 24 gaixo hil dira COVID-19 gaitzak jota Hego Euskal Herrian, joan den astean baino bederatzi gehiago.

Ikastetxeetan ere agerikoak dira birusaren ondorioak eta 280 ikasgela daude itxita koronabirusagatik Hego Euskal Herrian, aurreko barikuan zeudenak baino 23 gehiago.

2021 11 29 covid19 jaurlaritza ospitaleetako datuak

2021 11 29 korodata covid19 elgoibar taula aza28ra

∞Lotura duten albisteak: