Gizartea

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2021 11 29 deba ibaia gainezka mendaro suhiltzaileakUholde arriskuagatik, larrialdi plana indarrean jarri zuen Jaurlaritzak zapatuan; eta, euri eta elur denboralearen eraginez, zenbait ibai bere arrotik irten dira, horien artean Deba ibaia. Mendaron ohiko lekuan irten da ura bere bidetik, Abarketeroneko parean, Garagartzan. Elgoibarren itxita dago bidegorria.

Joan den aste guztian pilatutako prezipitazioa ugaria izan da, eta asteburuan ere mardul eta etenik gabe egin du euria. Horren ondorioz, domeka eguerditik aurrera espero zen unerik kritikoena ufal arriskuari dagokionean. Izan ere, domeka arratsaldetik aurrera elur kota igoz joango zela iragarri zuen Euskalmetek, eta pilatutako elurraren zati bat urtzearen ondorioz, egunaren bigarren zatian uholdeak izateko arriskua handituko zela. Halaxe izan da, eta Bizkaian eta Gipuzkoan gainezka egin dute hainbat ibaik: Kadagua, Ibaizabal, Urumea eta Deba.

Altzolako estazioan jaso dituzten datuen arabera, maila laranja gainditu du Deba ibaiak goizaldeko 1:30ak eta 7:00ak bitartean, eta 4:00etan egon da okerren egoera.

2021 11 29 prezipitazioa altzol estazioa grafikoa

Beste behin ere, gaua luzea izan da Garagartza eta Trinitate kaleetako bizilagunentzako, ura bere bidetik irten baita, Abarketeroneko parean, Kilimon errekak eta Deba ibaiak bat egiten duten puntuan, trenbide azpian. Ondorioz, urak hartu du Garagartza auzoko punturik baxuena, Trinitate kalea. Suhiltzaileak ibili dira goizaldeko 3:00ak arte ura xukatzen, baina alperrikakoa zela ikusi dutenean laga diote zeregin horri.

Elgoibarren ere izan du eragina euri denboraleak. Maltzaga eta Andikano arteko bidegorria itxita dago, zenbait puntutan urak gainezka egin duelako, besteak beste, Maltzaga parean, lehenengo zentral elektrikotik gertu eta Elgoibartik bidegorria hasten den zatian. Udaltzaingoak zinta bat jarri du Andikano baserriaren parean, bidea itxita dagoela adierazteko, baina hala eta guztiz ere herritar bat baino gehiago zebilen paseoan ohartarazpenari kasurik egin gabe. Era berean, Eibarko Udalak Maltzaga parean itxi du bidegorria. Udaltzaingotik jakinarazi dutenez, Altzolan ere egin du gainezka ibaiak, Alzola Basque Water enpresa parean, bainuetxeko Zumardia kalean. Kaleko metro gutxi batzuk hartu dituela urak zehaztu dute, eta bart bizilagunei inguru horretan autorik ez aparkatzeko ohartarazi zietela.

Ibai ingurutik kanpo ere eduki du eragina denboraleak. Atzo goizean luizi txiki bat izan zen Azkaraterako bidean eta suhiltzaileak eta Foru Aldundiak bidalitako beharginak ibili ziren bidea libratzeko lanean. Sallobente bailarako baserri bide batera eroritako zuhaitz bat trabatik kentzera ere etorri ziren suhiltzaileak. 

Euriari dagokion abisu horia ezarri dute Bizkaian eta Gipuzkoan, 15:00ak arte. Dena dela, okerrena pasatu dela nabarmendu du Euskalmetek.

2021 11 29 deba ibaia gainezka mendaro egunargitan

2021 11 29 deba ibaia gainezka mendaro kaletartea

2021 11 29 deba ibaia gainezka mendaro tunela

2021 11 29 deba ibaia gainezka elgoibar bidegorria

2021 11 29 deba ibaia gainezka elgoibar bidegorria herritarra

2021 11 29 deba ibaia gainezka elgoibar bidegorria hasiera

 Lotura duten albisteak:

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza