24/7 Plataformak sinadurak bilduko ditu anbulatorioan larrialdi zerbitzua berrezartzea eskatzeko

Barren.eus 2021ko aza. 24a, 17:12

Anbulatorioko larrialdi-zerbitzua 24 orduz eta asteko zazpi egunetan martxan jartzea eskatzeko sinadura bilketa egingo du 24/7 plataformak. 'Aizu' ostalarien elkarteak, Txankakua elkarteak eta Urazandiko Auzo Elkarteak bat egin dute kanpainarekin.

Plataformako ordezkariak abenduaren 2an, 9an eta 16an irtengo dira kalera, sinadurak biltzera: Goizez, Kalebarren plazan eta anbulatorioaren aurrean egongo dira 11:00etatik 12:30era; eta arratsaldez, Kalegoen plazan eta Maalan, 19:00etatik 20:00etara. Aizu! Ostalarien elkarteak eta herriko hainbat saltokik bat egin dute sinadura bilketa honekin, eta horri esker, Elgoibarko taberna eta dendetan ere sinatu ahalko da. Urazandiko auzo elkarteak, bestalde, auzoan bertan jasoko ditu sinadurak.

Plataformako ordezkariek salatu dute Elgoibarko anbulatorioak jasan dituen murrizketak “ugariak eta jarraiak” izan direla: “Duela 2 urte arte, anbulatorioak larrialdietarako zerbitzua eskaintzen zuen 20:00ak arte, eta orain, 17:00etan ixten dute astelehenetik ostiralera, eta asteburuetan itxita egoten da”. Murrizketa “nabaria” dela diote, herritarren eskubideen eta bizi kalitatearen kontra. Bizilagunek Eibarrera edo Mendarora joan behar izaten dutela edozein larrialdi artatzera diote. Gainera, giza multzo zaurgarrienak direla murrizketa horiek gehien jasaten dituztenak zehaztu dute: "adinekoak, haurrak edo gaixo kronikoa, besteak beste".

Anbulategiko larrialdi-zerbitzuaren ordutegi murrizte hau, lehendik datorren joera baten urrats berria dela salatu dute eta azken urteetan izan duel bilakaera nolakoa izan den gogora ekarri dute 24/ Plataformakoek.  "Azken murrizketa duela bi urte gertatu zen, Osakidetzak anbulatorioa asteburuetan eta lanegunetan 17:00etan ixtea erabaki zuenean. Pandemia izan zen erabaki hori hartzeko aitzakia. Gaur egun, honako mezu hau dago anbulatorioko atean: 'Salbuespenezko arrazoiengatik, Elgoibarko PAC-a itxita egongo da beste abisu bat eman arte'. Osakidetzako zuzendaritzak pandemiak desagerrarazitako zerbitzuak berreskuratzen hasiko zela agindu zuen duela aste batzuk, baina Elgoibarren ez da aldaketarik izan eta murriztutako zerbitzuek bere horretan jarraitzen dute".

2010. urtera arte Elgoibarko anbulatorioa irekita egoten zela ere gogora ekarri dute, astelehenetik igandera, eguneko 24 orduetan. "Orduan, gaueko zerbitzua kendu zen, eta anbulatorioa gauerdian ixten zen. Murrizketa horrek herritarren gaitzespena ekarri zuen. Eusko Alkartasuna alderdi politikoak 2.000 sinadura baino gehiago bildu zituen neurri horren aurka. Geroago, beste murrizketa bat etorri zen, anbulatorioa 20:00etan ixtea erabaki zuten. Eta orain bi urte murrizketa berri bat: pandemia aitzakiatzat hartuta, anbulatorioa ixteko ordutegia 17:00etan ezarri zuten, eta lanegunetan eta asteburuetan ixtea erabaki zuten, eta horrek larrialdietako zerbitzua kentzea ekarri zuen. 2011. urtean, larrialdietako zerbitzuko langileak mobilizatu egin ziren, eta itxialdia egin zuten protesta gisa".

24/7 plataformatik herritarrei dei egin diete sinadura bilketan parte hartzeko, “beharrezkoa delako anbulatorioko larrialdi zerbitzu iraunkorra berreskuratzea”.

2021 11 23 manifestazioa elgoibar pentsiodunak

∞Lotura duten albisteak: