Norbanakoek sortzen duten hondakin kopurua gutxitzeko sentsibilizazio kanpaina hasi du Mankomunitateak

Barren.eus 2021ko aza. 23a, 15:27

Nahiz eta hondakinen gaikako bilketa eta birziklatzea geroz eta handiagoa izan, 2016tik honako datuen arabera, pertsona bakoitzak sortzen duen hondakin kopurua handituz doa. Horregatik erabaki du Debabarrena Mankonunitateak hondakinen sorrera gutxitzea helburu duen sentsibilizazio kanpaina egitea.

 • Norbanakoen inplikazioa, "ezinbestekoa"
Astelehen goizean aurkeztu zuten kanpaina Mutrikun. Bertan izan ziren Mankomunitateko presidente Iosu Arraiz, Mankomunitateko Ingurumen teknikari Igor Aldalur, Mutrikuko alkate Joseba Palenzuela eta konpostajean aditua den Vermican enpresako Adur Campo (beheko argazkian).

2021 11 23 debabarrena Mankomunitatea mutriku tokikom 700x700

Mankomunitateko presidente Arraizek azpimarratu duenez, tokian tokiko administrazioek erregulatu behar dituzte sortutako hondakin kopurua murrizteko neurriak, "baina gutako bakoitzaren inplikazioa ezinbestekoa da, norberak keinu txikiak egin ditzakeelako egunerokotasunean bere ingurumen aztarna murrizteko eta hondakin gutxiago sortzeko”.

Datuak ere eman dituzte. 2020an, guztira, 31.193 tona hondakin sortu ziren Debabarrenean, biztanleko tona erdi.

Zentzu horretan, Mutrikuko alkate Palenzuelak azpimarratu du kopurua “kezkagarria” dela. “Kopuru horren arrazoiak asko izan daitezke eta kate luze baten emaitza ere bada. Kate horretan hainbat pauso daude, fabrikazioa, banaketa… Baina herritarroi dagokiguna da etxean sortzen duguna murriztea. Garrantzitsua da guztiok hartu behar dugula arduraren gure zatia eta herritarrok ere asko egin dezakegu hondakinen tratamendu horretan (…) Etxean gauzak ondo egiteak ez dakit kopurua txikitzen lagunduko digun, baina kopuru handi hori modu egokian kudeatzen lagunduko liguke. Alde horretatik, gonbita egin nahi diet herritarrei hondakinak kariñoz tratatzeko eta behar den moduan bideratzeko”.

 • Plazak bete zabor
Igor Aldalur Ingurumen teknikariak, berriz, esplikatu du sentsibilizazio kanpainaren baitan, Debabarreneko zortzi herriak bisitatuko dituztela Hondakinen Prebentziorako Europako Astea den honetan. Astelehenean Mutrikun eta Deban izan ziren; gaur Mallabian eta Mendaron; eguaztenean, azoka txikiaren bueltan Eibarren; eguenean, azaroaren 25ean, Soraluzen -baita ere azoka txikiaren bueltan- eta Elgoibarren eta barikuan, Ermuan.

Tokian tokiko bisitetan, besteak beste, esku-orri informatiboak banatuko dizkiete herritarrei norbanakook sortzen dugun hondakin kopuruari buruzko datuekin. Adibidez, eskualdeko herrietako plazak zaborrez bete dituzte esku-orri horietan, irudikatzeko eskualdean sortzen den zabor kopuruarekin herriko plaza bi aldiz bete daitekeela. (ikus hemen sare sozialetan zabaldu duten bideoa)

Era berean, esku-orri horietan, hondakin gutxiago sortzeko zazpi ekintza proposatzen dituzte:

  • Erabilera bakarreko materiala saihestea
  • Plastikoan ontziratutako eta gain-bildutako elikagaiak ekiditea
  • Bigarren eskuko dendak erabiltzea
  • Materialak konpondu eta berrerabiltzea
  • Telazko poltsak erabiltzea
  • Hondakinak egoki birziklatzea
  • Bertan ekoiztutako elikagaiak erostea -0km-