Covid-19ak Elgoibarko umeengan izan duen eragina aztertu du Udalak eta babes eta sustapen lan-ildoak jarri ditu abian

Barren.eus 2021ko aza. 17a, 14:49

Elgoibarko haurren errealitatea Covid-19 egoeran 2020/2021 azterketa egin du Udalak, osasun pandemiak haurrengan izan duen eragina aztertu eta neurriak hartzeko asmoarekin.

Azterketa Elgoibarko Udalak bideratu du Ludotekaren bitartez, eta herriko hezkuntza zentroen parte-hartzearekin. Gaur aurkeztu dute diagnosia Ludotekan bertan, azaroaren 20ko Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Egunaren bezperetan, eta azterketaren parte izan diren eragile guztiek: Maialen Gurrutxaga, Haur, Nerabe eta Gazteen Saileko zinegotzia, Maialen Aranguren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako teknikaria, Maria Cid Ludotekako Hezitzailea, Rakel Aguirre Ormaetxea Herri Eskolako Zuzendaria, Joseba Sagasta Ikastolako Ikasketa Burua eta azterketaren parte izan diren lau gaztetxo: Martin Mujika Cid, Lea Barrutia Cristobal, Karim Eddayaz Rodriguez eta Aiora Carcedo Dominguez.

Elgoibarrek 11.580 biztanle ditu eta horietatik 894 dira 4 eta 11 urte artekoak. Diagnosi honetan Herri Eskolako eta Ikastolako HH5 eta LH6 arteko 240 haurrek eta 138 familiak hartu dute parte, guraso eta hezitzaileak barne. Sei bloketan banatu dute azterketa, eta lan arlo bakoitzerako lan ildoak zehaztu dituzte. Hauek izan dira aztertu dituzten alorrak: Aisialdiko ohiturak, lagunarteko eta familia arteko harremanak, eskolako esperientzia, teknologia eta herriaren ikuspegia aztertu dituzte.
Ondorioen artean, ludoteka zerbitzua familia askorentzat erreferentziazkoa dela nabarmendu dute aisialdiari lotuta, eta zerbitzua hobetzeko proposamenak ere jaso dituzte. Lagunen harremanei buruz, harreman birtualak areagotu egin direla diote, eta teknologiaren erabilera egokia egiteko haurrak trebatu beharra ikusi dute. Familia egituran, bestalde, pandemiak eragin handia izan duela ondorioztatu dute, harreman batzuk sendotuz eta beste batzuk zailduz, eta eskola, aldiz, umeentzako babesgune dela jaso dute diagnosian, ingurune segurua, alegia. Herriaren ikuspegiari buruz esan dute beharrezkoa dela umeen iritzia aintzat hartzea eurentzako zerbitzuak diseinatzerakoan, eta haurrentzako espazioak berrikusteko beharra dagoela adierazi dute.
2020ko urritik abendura bitartean haurrekin egindako diagnostiko parte-hartzaile honen bidez, haurren beharrak jaso nahi izan ditu Udalak, haurra subjektu aktibo gisa hartuz, beraiekin batera beraientzako zerbitzua garatzeko. Haurrak erdigunean jarri nahi izan dituzte, haiei ahotsa emanez, hiritar aktiboak eta komunitateko partaideak izan daitezen.

2021 11 17 covid19 umeen diagnosia elgoibar udala ludotekan 1