Indarkeria matxistaren identifikazioa eta egungo egitura ekonomikoan kontsumitzen dugunaren arteko lotura aztertzen du “Fabricando Mujeres 2.0” dokumentalak. Madrilen, Txilen eta Kolonbiako Medellin hirian grabatu zuten dokumental honen aurreneko zatia, eta baita Euskal Herrian ere. Dokumentaleko protagonista den Maiteren (Itziar Aizpuru aktoreak antzeztuta) tailerra Elgoibarko Makina Erremintaren Museoan kokatu zuten. Ana Serna zuzendari laguntzaileak aurkitu zuen kokaleku hau. "Lokalizazio desberdinen artxibo bat geneukan eta Interneten ere ordu asko eman genituen kokaleku bila. Ikusi genuen unean bertan Maiteren tailerra kokatzeko espazio bikaina iruditu zitzaigun", azaldu zuen.
“Fabricando Mujeres” dokumentalaren helburua Setem Hego Haizea elkarteak egindako ‘Indarkeria kontsumitzen dugu?’ ikerketaren emaitzak modu erraz eta bisualean pantailaratzea da. "Indarkeria matxista identifikatzeko hiru alor hartu ditugu kontuan: etxea, estetika eta mugikortasuna. Alor horietako bakoitzean pertsona desberdinak elkarrizketatu ditugu. Bakoitzak bere alorretik hitz egin du, baina denak ikuspuntu positibo batetik mintzatu dira, alternatiba berriak aurkitzeko giltzak emanez" azaldu du dokumentaleko zuzendari Paula Iglesiasek (Santiago, Galizia, 1986) Barren aldizkariari 2018an eskainitako elkarrizketan (irakurri hemen -PDF-). Iglesiasen berbetan, indarkeria matxista kritikatzen du filmak, baina tonu umoretsuan, biktimismoan erori gabe eta ahalduntzearen bidetik. "Feminismoa presente dago dokumental guztian, bere perspektiba guztietan".
- IZENA EMATEKO: “Fabricando Mujeres 2.0” dokumentala, eguen honetan, azaroaren 18an, ikusteko aukera izango da Lilan (San Frantzisko 21, 2), 18:00etan. Izena eman behar da, honako loturan agertzen diren datuak emanez.
∞Lotura duten albisteak: