Buru osasunari buruzko ikastaroa emango dute Elgoibarren gazteentzat

Barren.eus 2021ko aza. 3a, 17:05

Elgoibarko eta Gipuzkoako 18-30 urte bitarteko gazteei dago zuzendua ‘Osasun mentala: zeure burua ulertzen ikasi’ izeneko ikastaroa. Datorren azaroaren 16an izango da eta izena azaroaren 14a baino lehen eman behar da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elgoibarko Udalak elkarlanean antolatu dute ikastaroa, TREBA Gazteak Ahalduntze Eskolaren baitan. Treba Gazteak 18-30 urte bitarteko Gipuzkoako gazteei beren ahalduntze-prozesuan lagunduko dien prestakuntza-eskaintza da, lana/bizitza binomioan, bigarrena ardatz duena. Programa horren xedea da gazteen emantzipazioko, garapeneko eta hazkunde pertsonal eta kolektiboko prozesuak sortu eta  finkatzea.

Gazteekin batera focus group metodologiaren bitartez diseinatutako prestakuntza da, non 50 gazte baino gehiagoren iritzia kontuan hartu duten. Udalak inkesta bat ere zabaldu zuen gazte elgoibartarren artean, eskolan landu beharreko gaiak finkatze aldera, eta dituzten interesak ezagutzeko. Horren guztiaren emaitza gazteentzat "interesgarriak eta beharrezkoak" diren gai ezberdinei buruzko pilula laburrak direla azaldu dute. Elgoibarko saioaren aurretik Donostian, Legazpin eta Zegaman burutu dituzte saioak.
Maialen Gurrutxaga Gazteria zinegotziak zehaztu duenez, egin dituzten inkestatik ondorioztatu da gazteok bizitzan moldatzeko oinarrizko gaitasunetan gabezia edo hutsune nabarmenak dituztela, "eta gaitasun horiek funtsezkoak dira bizitzako etapa honek bereizgarri dituen aldaketei aurre egiteko eta erabakiak hartzeko. Etorkizuneko apustua da: gazte elgoibartarrak lagundu eta prestatu nahi ditugu, beren eguneroko bizitzan hobeto molda daitezen”.

Elgoibarren egingo duten ‘Osasun mentala: zeure burua ulertzen ikasi’ tailerra buruak nola funtzionatzen duen ikusteko ariketa izango da. Dinamika ezberdinen bitartez auto-ezagutzaren bidea hartuko dute, norberaren buru osasuna hobetzeko helburuarekin. "Osasuna eta bizi-kalitatea lortzeko ezinbestekoa da, gorputzaz gain, burua ere zaintzea".

Datorren azaroaren 16an izango da, 17:30etik 20:30era, Elgoibarko kultur-etxeko Sotoan. 18-30 urte bitarteko Elgoibarko eta Gipuzkoako gazteei dago zuzendua eta Ainhoa Urretagoiena izango da trebatzailea. Doakoa da eta euskaraz emango dute. Izena azaroaren 14a baino lehen eman behar da lotura honetan: https://labur.eus/TREBAElgoibar.

2021 11 03 osasunmentala Elgoibar FEED