Astebetean bost koronabirus kasu atzeman dituzte Elgoibarren eta hiru Mendaron

Barren.eus 2021ko aza. 2a, 13:40

Joan den astean, urriaren 25etik 31ra bitartean, bost kasu positibo atzeman dituzte Elgoibarren, guztiak egun berean, urriaren 31n. Mendaron hiru positibo atzeman dituzte azken zazpi egunetan.

Aurreko astean baino hiru kasu positibo gehiago atzeman dituzte Debabarrena eskualdean, 25 kasu guztira (22 izan ziren aurreko astean eta 38 duela bi aste). Intzidentzia-tasari dagokionez, eskualdeko herri txikietan egin du gora, Mendaron eta Mallabian, bereziki. Mendaron hiru kasu baieztatu dituzte azken astean eta hutsean egotetik 141era igo da azken hamalau egunetako intzidentzia metatua. Aldiz, Elgoibarren erdira jaitsi da intzidentzia: 103an egotetik 51,99koa izatera.

Urriaren 25etik 31ra bitarteko COVID19 kasu positiboak, Debabarreneko herrietan:

  • Mallabia +2 (0 1 1 0 0 0 0) 168,07
  • Mendaro +3 (1 2 0 0 0 0 0) 141,84
  • Mutriku +3 (1 1 0 1 0 0 0) 112,91
  • Eibar +8 (0 3 2 1 1 0 1) 80,08
  • Deba +2 (2 0 0 0 0 0 0) 73,35
  • Elgoibar +5 (0 0 0 0 0 0 5) 51,99
  • Ermua +2 (1 0 0 1 0 0 0) 24,97
  • Soraluze +0 (0 0 0 0 0 0 0) 0,00
  • GIPUZKOA +454 (51 52 70 74 77 36 94) 116,45

 Euskal Herriko datuei erreparatuta, 1.270 kasu positibo baieztatu dituzte astebetean, aurreko astean baino 77 kasu gehiago, 1.193 kasu zenbatu baitzituzten urriaren 18tik 24ra bitarteko astean. Intzidentzia tasak goraka jarraitzen du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Urriaren 7an, -Jaurlaritzak larrialdi egoera indargabetu zuenean- baino, 28 puntu gehiago ditu intzidentzia-tasak, eta 100.000 biztanleko 86 kasutan dago orain azken hamalau egunetako intzidentzia metatua. Urriaren erdialdean laga genion gomendagarria den 60 kasuen langatik behera egoteari. R0 indizea, positibo batek kutsatzen duen pertsona kopurua zehazten duena, ez da aldatu eta 1,06an dago. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehenean eguneratu zuen txosten epidemiologikoan lau herri ageri dira eremu gorrian: Agurain, Azpeitia, Lazkao eta Zumarraga.

Lurraldeka, Gipuzkoan atzeman dituzte positiboen herenak baino gehiago azken zazpi egunetan, 454 guztira (385 zenbatu zituzten aurreko astean). Era berean, hamalau eguneko intzidentzia tasak 23 puntu egin du gora Gipuzkoan, 100.000 biztanleko 116 positibora izateraino, gaur gaurkoz.

Ospitaleei dagokienez, Osakidetzan 86 pertsona daude ingresatuta, horietatik 26 ZIUn, eta atzo 10 ospitaleratu berri izan ziren.
Hildako kopurua jaitsi egin da. Azken astean zazpi pertsona hil dira Covid19ak jota; hamabost izan ziren aurreko astean.

 • Txertaketa
Txertaketari dagokionez, 2,3 milioi herritarrek baino gehiagok jaso dute pauta osoa Hego Euskal Herrian. Hamabi urtetik gorakoen 10etik 9k du txertaketa pauta osoa. Hain justu, txertatu gabeko taldea kolpatzen ari da bereziki birusa orain, 12 urtetik beherakoak. Adin talde horrek 174 kasuko intzidentzia tasa metatua du. Txikiagoak badira ere, kezkatzekoak dira 40-49 urtekoen (95 kasu 100.000 biztanleko), 30-39 urtekoen (93 puntu) eta 70-79 urtekoen (89 puntu) pilatutako tasak.
Hain justu, Eusko Jaurlaritzak ez erlaxatzeko eskatu du berriro, bereziki gazteenei. Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak  intzidentziaren igoeraz ohartarazi du, egoera, oro har, "larria" ez bada ere. "Hainbat eta hainbat irudi ikusten ari gara oinarrizko neurriak betetzen ez dituztenak. Eta uste dut, aukera daukagu, egin ditzakegu gauzarik gehienak eta modu normalean egin ditzakegu, ...baina hartu dezagun kontu pxka bat", adierazi du.

∞Lotura duten albisteak: