Garbiguneetan estalkiak ipini dituzte tresna elektroniko eta elektrikoen hondakinetarako

Barren.eus 2021ko urr. 29a, 10:18

Hondakinak biltzeko zerbitzua hobetzeko eta tresna elektriko eta elektronikoak euri uretatik babesteko helburuarekin, Debabarreneko Mankomunitateak estalkiak ipini ditu eskualdeko Garbiguneetan, tartean Elgoibarkoan.

Helburua da euri urak tresna elektriko eta elektronikoetatik ez iragaztea, urak ez kutsatzeko eta mota horretako aparatuen berrerabilpena eta birziklapena errazteko, azaldu dute Mankomunitatetik. 2020an mota honetako 187.292kg hondakin bildu zituztela jakitera eman dute, eta 2021eko abuztura bitarte, 123.014 kilo. Ibur Erreka eta Hirigintza enpresek egin dituzte garbiguneetan estalkiak jartzeko lanak, eta 41.457,66 euroko balioa izan dute. Inbertsioaren %50a Gipuzkoako Foru Aldundiak hartuko du bere gain.

Mankomunitateak gogorarazi nahi du garbiguneetan hondakin elektriko eta elektroniko hauek utz daitezkeela: garbigailuak, hozkailuak, telebistak, ordenagailu-pantailak eta tresna elektriko txikiak, hala nola ile-lehorgailuak, kontsolak, etab.

Eskualdeko gaikako bilketak hobetu egin da irailean
Mankomunitatetik jakinarazi dutenez, irailean Debabarreneko gaikako bilketaren tasa %56,17koa izan zen. Datu horrek hobekuntza txiki bat dakar iazko iraileko datuarekin alderatuta (%54,71). Irailaren 30era arteko urteko balantzeari dagokionez, gaikako bilketaren portzentai metatua % 54,97koa da.