Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileek greba egingo dute urriaren 28an eta azaroaren 12an

Barren.eus 2021ko urr. 26a, 13:36

252 greba egunen ondoren, berriro grebara deitu dituzte zaharren egoitzetako beharginak urriaren 28rako eta azaroaren 12rako. Langileok bizi duten egoerak jendarte guztiari eragiten diola nabarmendu dute deitzaileek: LAB, ELA eta Gipuzkoako Senideak.

Datozen greba egunak girotze aldera, elkarretaratzeak egin zituzten joan den barikuan, urriaren 22an, Gipuzkoako adineko egoitzetako hogei zentro baino gehiagotako atarietan, hiru urte luzez greban izan ondoren, euren egoera gero eta gordinagoa dela salatzeko.

Sindikatuek adierazi dutenez, urteak daramazkite sektoreko errealitatea zein den salatzen, baina, erakunde eta enpresen jarrera ikusita, "badirudi gatazka langile, egoiliar eta hauen senideena dela soilik. Baina guk zerbait argi badugu honakoa da: egoera honek jendarte guztiari eragiten diola”, dio LAB sindikatuak.

Aldundiak egungo ereduaren defentsa "sutsua" egiten segitzen duela salatu du ELA sindikatuak, azken asteotan erresidentzietako "errealitate gordina" berriro azaleratu bada ere: "Markel Olano Aldun Nagusiak bi egoliarreko langile bat dagoela esan arren, langile bat hamahirurentzako daudela ikusi da, egoiliarrak 14 orduz izaten dira ohean eta jan gabe, erizaintza zerbitzurik ez dago bermatua". Horren aurrean, eta Aldundiak dagokion ardura hartu ezean, erresidentzietako beharginek mobilizatzen jarraituko dutela esan dute.
Helduen egoitzetako sektorea zaintzan oinarrituta dagoela gogora ekarri du LABek; jendarte honetako menpekotasuna duten pertsonei zuzenduta dagoela, hain justu; eta, diru publikoarekin finantzatzen dela. "Bada, pandemiaren eraginez bizi dugun krisiak modu gordinean utzi ditu agerian helduen egoitzetako gabeziak, berriak ez direnak. Langileak euren osasuna lanean uzten ari dira, modu prekarioan lan egiten dute, eta ordainetan, sektoreko arduradun Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du egoera aldatzekoinongo asmorik erakutsi", adierazi dute.

2021 10 26 zaharren egoitza langileak greba kartela ELA

∞Lotura duten albisteak: