Eroski kooperatibak osasun eta jasangarritasun arloan hartu dituen 10 konpromisoen barruan, ingurumen-boluntariotzako hiru ekintza jarri ditu martxan 2021eko udazkenerako: Hezeguneak garbitzea Mallorcan, lurzoruak leheneratzea Orensen eta zuhaitzak landatzea Gipuzkoan. Azken ekimen hori Elgoibarren egin zuten atzo, Zirardamendin, hain justu ere. Lurgaia Fundazioak urte hasieran Zirardamendin landatu zituen zuhaitz landareen ondoan landatu zituzten landare berriak: haritzondoak, gurbitzak eta erramuak. Ehun bat landare landatu zituzten boluntarioek.
Ekimenaren sustatzaileek azaldu dute bertako basoak berritzea eta faunarentzako habitatak sortzea dela ekimen honen helburu nagusia. "Basoetan animalien, landareen eta intsektuen lehorreko espezie guztien % 80 baino gehiago daude. Gainera, zuhaitz bakoitzak 10 kg CO2 baino gehiago xurgatzen ditu urtean, eta horrek bizi dugun krisi klimatikoa arintzen laguntzen du. Hala ere, urtero bost milioi hektarea basoko azalera murrizten da planetan", adierazi dute.
Eroskiko bezeroek Zentimo Solidarioak programarako eginiko diru ekarpenari esker finantzatu dituzte ekimenok. Ingurune naturalak babesteko eskatu zuten laguntza hori joan den ekainean eta 132.755 euro batu zituzten orotara.