Mendaroko nerabeen eta gazteen errealitatea hurbiletik ezagutzeko partaidetza-prozesua jarri du abian Udalak

Barren.eus 2021ko urr. 21a, 09:59

Mendaroko Udalak 15 eta 35 urte bitarteko nerabe eta gazteengan jarri nahi du arreta, eta adin-tarte horretako mendaroarren errealitatea hurbiletik ezagutzea du helburu. Horretarako Nerabe eta Gazteen I Plana jarriko dute martxan, baina, aurrez, Mendaroko nerabe eta gazteen diagnostikoa egingo du Elhuyarrekin elkarlanean.

Mendaroko alkate Iñaki Arregi alkateak azpimarratu du herriaren eta gure gizartearen etorkizuna zaindu, babestu eta sustatu nahi dutela: “Gazteak dira etorkizuna, eta Mendaro hobe bat nahi diegu utzi. Mendaron gaur egun badago haur eta nerabeentzako sustapen eskaintza eta Haurtxoko eta Gazteleku zerbitzuak herrian integratuta daude, haur eta nerabeen parte hartzea egokia delarik. Gazteen adin-tarteari dagokionez, gaztetxea ere badago herrian. Zerbitzu eta eskaintza egon arren, Mendaroko Udalak ez du Gazte-planik, eta nerabe eta gazteei erantzun egokiena emate aldera, Mendaroko gazteen errealitatea ezagutu eta egoeraren diagnostiko orokor bat egitea adostu dugu Udaleko alderdi politiko guztiek. Gure gazteriaren gidalerroa izango da, beren nahietara egokitutako zerbitzu eta eskaintza andana bideratzeko”.

Diagnostikoaren helburu nagusia Mendaroko 15 eta 35 urte bitarteko gazteen errealitatea ezagutzea da, gazteen inguruko ezaugarri sozioekonomikoei buruzko informazioa batuz eta Mendaroko gazteek dituzten iritziak, beharrizanak, arazoak… jasoz. Prozesua Mendaroko gazteekin era partekatuan eraman nahi dute aurrera: “Mendarotar gazteak subjektu aktibo izatea nahi dugu, gazteak proaktiboak, parte hartzaileak eta erantzunkideak izatea, eta beraien errealitatearen eraldatzaile aktibo izatea ahalbidetzea” azaldu du Arregi alkateak.

Mendaroko Udalak urte amaierarako nahi du diagnostikoa prest izan, 2022an Nerabe eta Gazteen I Plana burutzeko. Irailean aurre lana egin da, urrian eta azaroan lanketa abiatuko dute eta abenduan diagnostikoa itxi.
Bi foro nagusi sortu dituzte:

  • Talde Eragile batek darama gidaritza, Mendaroko udal ordezkari eta teknikariek eta Elhuyarreko adituek osatua. Baita 15-35 urte arteko gazte bat edo bik ere. Urriaren 26an egingo dute lehen bilera.
  • Eztabaida Taldea sortu dute. Mendaroko 15-35 urte bitarteko gazteak daude bertan bi taldetan banatuta: 15-25 urte bitarteko gazteak eta 25-35 urte bitarteko gazteak.

Saio presentzialak eta online galdetegiak izango dira diagnostikoa garatzeko tresna, Eustat, Gazteen Euskal Behatokia eta Euskadiko Gazteriaren Kontseilua egindako azterketez gain.

 • Talde eragilerako izen-ematea zabalik
Nerabe eta gazteen egoeraren diagnostikoa egiteko Talde Eragilea sortu du Mendaroko Udalak, udal ordezkari eta teknikariek eta Elhuyarreko adituek osatua. Horrez gain, helburua da 15-35 urte arteko bi gaztek ere parte hartzea. Horretarako deialdia zabaldu du Udalak. 685 720 010 telefonoan edota kultura@mendaro.eus helbidera idatziz eman daiteke izena. Urriaren 26an egingo dute lehen bilera.