Ostiralean, Nagusilan elkartearen 25. urteurrena ospatu zuten Donostian, eta adinekoez eta haien beharrez hitz egiteko baliatu dugu urteurrena. Ospakizunean parte hartu zuten Nagusilaneko Elgoibarko ordezkaritzako kideak ondorengo argazkian.
• “Gure herriak egin gabe du belaunaldien arteko hitzarmena”, zioen Gaindegiak. Zein momentutan apurtu da gizartean gazteen eta zaharren arteko lotura emozionala?
Azkeneko ehun urtean bizi-itxaropena 45 urtekoa izatetik 85ekoa izatera pasatu da. Gure aiton-amonak baino 40 urte gehiago bizi gara. Sekula ez besteko erritmoan ari gara zahartzen. Gaur egun, 65 urteko pertsona baten bizi-kalitatea 55 urteko baten parekoa da. Zahartze eredua aldatzen ari da, urte gehiago bizi gara eta gizartean familia eredu berriak sortu dira. Gutako askok hiru belaunaldi ezagutu ditu etxe berean. Gaur, ordea, familia unitate bakoitzak bere etxea du. Guzti horren ondorioz, nahi gabeko bakardadean bizi diren pertsonen kopurua nabarmen handitu da. Elgoibarko populazioari dagokionez, %29,52a 60 urtez gorakoa da. Gertatzen ari dena iraultza halako bat da, eta garbi izan behar dugu gizartea ez dela lehengora bueltatuko.
• Rober. N. Butler psikiatra estatubatuarrak deskribatu zuen estreinakoz adinkeria, 1969an. Diskriminazio modu ohikoenetan hirugarrena ei da. Non sumatzen duzu agerikoen zuk?
Bai, arrazakeriaren eta sexismoaren ondoren adinkeria da diskriminazio modu ohikoena. Adinaren arabera, pertsonak ezberdin tratatzeari esaten zaio eta zahartzaroaren inguruko estereotipo
negatiboekin lotzen da. Emakumeei eragiten die bereziki adinkeriak, bizi-itxaropen luzeagoa dutelako.
Mikromatxismoa dagoen bezala, mikroadinkeria ere badago. Sinetsi dugu zahartzaroa bizi-etaparik txarrena dela eta eginahalak egiten ditugu zahartzearen ageriko zantzuak igarri ez daitezen.
Uko egiten diogu zahartzeari eta onartzen dugu urte jakin batzuekin ezin ditugula gauza asko egin. Eta hori guztia ontzat emanez, mikroadinkeria sustatzen ari gara, inplizituki. Deskontu denbora honetan ez genukeela gizartean aktiboki inplikatu behar barneratzen dugu, halakoak esanda, besteak beste: ‘Baina zein ondo kontserbatzen zaren!’, ‘Nire garaian hori ez zen gertatzen’, ‘Nire adinean gauza horiek ez’. Adinean aurrera goazen pertsonok bizi dugun diskriminazioa isilarazi egiten da.
• Zer bide proposatzen dituzue adinkeriaren kontra?
Jarrera negatiboa sumatzen dugu zahartzaroaren inguruan. Jendea kexu da, baina izatez hau konkista bat da. Urte asko hartzea ospatzekoa da!. Gazte hiltzea da txarra, baina bizi-kalitaterik gabe urte asko hartzea ere nekagarria da. Esan eta esan ari dira ez garela 100 metroko lasterketa baterako prestatu behar, baizik eta maratoi baterako. Gure estrategiak, ezagutzak eta erresistentzia-gaitasunak aldatu behar ditugu. Bizitza luzeagoa izateak baditu bere eragozpenak eta erronkak: lagun eta senideen heriotzak, pobretzeko arriskua, erretiroa hartzeak dakarren estatus sozialaren galera...
• Zer dela-eta ikusten ditugu zaharrak hain urrun?
Zahartzea ‘adinekoak ezberdinak dira’ mezuarekin lotzen dugulako, urteen poderioz izaki ezberdin bihurtuko bagina bezala. Adinekoak hain baliotsuak ez garela usteak eragin kaltegarria dakar. Guk ere gainerakoek bezala maitatzen, amesten eta sufritzen dugula pentsatuko bagenu, amaituko genituzke uste oker horiek. Herri baten aurrerabidea, garapena eta heldutasuna aintzat hartzeko ez dago bizi prozesu osoaren duintasuna onartzea eta adineko pertsonak errespetatzeko eta haiei laguntzeko jarrerak lantzea baino bide hoberik.
• Zer diozu nagusien infantilizazioaz?
Hiru adibide garbi ditugula. ‘Adinekoak haur bihurtzen dira’. Uste oker horrek dakar adinekoak ume bailiran tratatzea (infantilizazioa). ‘Adinekoak oso antzekoak gara’. Horra beste uste oker bat zahartzea prozesu uniformetzat aurkezten duena. Horrek dakar tratu uniformerako joera. Hala ere, esperientziak erakusten du adinekoak ere askotarikoak garela. ‘Adinekoek ezin dute, ez ikasi, eta ez ezer aldatu’. Horrek eragiten du ikaskuntzarako aukerak murriztea adinekoei. Bistan da, baina, adinekoak ere gai direla aldaketetara eta erronka berrietara egokitzeko. Adinekoei umeei bezala hitz egiteko joera daukagu eta horrek, emozionalki kalte egiten die. Hiztegi mugatua eta murriztua erabiltzen dugu haiekin, esaldi konplexuak ulertuko ez dizkigutelakoan.