Enpresa elektriko handien gehiegikeria salatzeko egingo duten itzalaldiarekin bat egin du Elgoibarko pentsiodunen mugimenduak

Barren.eus 2021ko urr. 5a, 15:02

Argindarraren garestitzea salatzeko itzalaldi handi bat egitera deitu dituzte herritarrak urriaren 8rako, barikurako.

Bariku gauean, 22:00etatik 22:30era, etxeetako argi guztiak itzali eta kazola-jotzea egiteko deia luzatu dute Euskal Herriko, Galiziako eta Herrialde Katalanetako hainbat alderdik. Orain bi urte Llotja de Marreko adierazpena sinatu zuten alderdi politikoek salatu dutenez, euren herrialdeek ez dute subiranotasunik, eta tresnak ukatzen zaizkie argindarraren garestitzea geldiarazteko. Alderdiok eginiko deialdi horrekin bat egin du Elgoibarko pentsiodunen mugimenduak, Gaurgeroa Duintasunarekin batera. 

"Argindarraren garestitzea salatu nahi dugu, eragin handia baitu diru-sarrera gutxien dituzten pertsona eta familiengan, eta bereziki pobrezia energetikoan bizi diren pentsiodunengan", adierazi dute.
Enpresa elektriko handien iruzurrari erantzuteko protesta ekitaldia izango dela azaldu dute. "Iberdrola, euskal enpresa elektriko handia, lehena izan zen argindarraren prezioa neurrigabe igotzen, eta ondorioz, eduki dituen irabaziak eskandaluzkoak izan dira. Eta halakoxeak izan dira energia elektrikoaren ekoizpen-prozesu osoa monopolizatzen duten beste enpresa elektriko handienak ere, prezioak nahierara eta euren interesean pentsatuta ezarri ditutelako", esan dute.
Pentsiodunen mugimendukoek aurrez ere eraman dituzte kalera argindarraren eta tarifa elektrikoen igoeraren aurkako protestak. Joan den irailaren 20an Elgoibarko kaleetan egin zuten manifestazioan, esaterako, "geldialdi sinbolikoa" egin zuten Iberdrolak Elgoibarren duen bulegoaren aurrean, euren haserrearen berri izan zezaten.