Sakelako telefonoen erabilerari buruzko tailerra egingo dute Mendaron

Barren.eus 2021ko ira. 29a, 14:47

Zergatik erosten dizkiegu sakelako telefonoak seme-alabei? Noiz erosten dizkiegu, zer adinetan? Zertarako erabiltzen dute gazteek sakelakoa? Nola ematen diegu?. Galdera horiek eta gehiago landuko dituzte urriaren 14an Mendaron, gurasoentzat antolatu duten tailerrean. Miren Ros hezitzaileak zuzenduko du tailerra, 'Gure aukera, guk 16' egitasmoaren bultzaileetako batek.

Mendar Ikastolak eta Arno Guraso Elkarteak antolatu dute tailerra, programa zabalago baten barruan. Urriaren 4an eta 5ean, eskolan bertan landuko dute gaia LH4, LH5 eta LH6ko ikasleek Miren Rosekin, eta urriaren 14an, osteguna, gurasoentzako tailerra izango da (Mendarotik kanpokoei ere zabaldu diete parte hartzeko deia). Miren Ros Aiartzaguenak (Eibar, Gipuzkoa, 1975) ‘Gure aukera, guk 16’ taldea sortu du Zarauzko Kurutziaga ikastolako beste lau gurasorekin batera, 16 urte bete arte seme-alabei sakelako telefonorik ez erosteko ituna eginda, eta egitasmo horren inguruan ere jardungo dira Mendaron. Informazioa jaso, kontzientziak piztu eta hausnarketa bultzatu nahi dute, baina baita erabakiak hartu ere.

Udaletxeko Otarre aretoan izango da tailerra, urriaren 14an, 18:00etan hasita, eta parte hartzeko izena eman behar da ondorengo posta elektronikora mezua idatzita: arnoformakuntza@gmail.com.

2021 09 29 miren ros aiartzaguena