Asteburuan positibo bat atzeman dute Elgoibarren, baina berderantz hurbiltzen segitzen du intzidentzia-tasak

Barren.eus 2021ko ira. 27a, 14:49

Azken hiru egunetan hamalau koronabirus kasu positibo atzeman dituzte Debabarrena eskualdean, aurreko asteburuan baino hiru gutxiago.

Barikutik domekara eginiko PCR eta antigeno probetan hamalau kasu positibo atzeman dituzte Debabarrenean (hamazazpi positibo atzeman zituzten aurreko asteburuan). Aurreko asteburuarekin alderatuta, eskualdeko herri guztietan egin du behera intzidentzia-tasak, Soraluzen izan ezik. Elgoibarren 233,97koa izatetik 77,99koa izatera igaro da astebetean.

Hona Debabarrenako datuak, herriz herri (irailaren 24tik 26ra)

  • Soraluze +4    (2 barikuan; 2 zapatuan; 0 domekan) 402,62ko intzidentzia-tasa
  • Mutriku +0    (0, 0, 0,) 282,27
  • Eibar +6    (6, 0, 0,) 101,91
  • Ermua +3    (1, 1, 1,) 81,15
  • Elgoibar +1    (0, 0, 1,) 77,99
  • Deba +0    (0, 0, 0,) 18,34
  • Mendaro +0    (0, 0, 0,) 0,00
  • Mallabia +0    (0, 0, 0,) 0,00
  • Gipuzkoa +113    (58, 37, 18,) 89,39

 Intzidentzia-tasen mapari erreparatuz gero, berdea nagusitzen ari da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herrietan. Hiru lurraldeetan dauden 72 herri handietatik 26 daude eremu berdean.
Atzo 5.009 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 82 izan ziren emaitza positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian hauteman zituzten kasu gehien (43), eta, ondoren, Gipuzkoan (18), Nafarroan (17) eta Araban (11). Horrez gain, lurralde horietatik kanpoko hiru pertsonak ere positibo eman zuten proban. Positibotasun tasa, berriz, %1,8 da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta %2,1 Nafarroan.
Oinarrizko birsorkuntza datuak gora egin du asteburuan; atzo 0,92ra iritsi zen. Halere, datuaren arabera, pandemia ez da hedatzen ari –ez delako 1,00 baino zenbateko handiagoa–.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan 124 gaixo daude, eta horietatik 41 ZIUetan daude. Nafarroan, berriz, 38 gaixo daude ospitaleratuta, eta hamahiru dira horietatik ZIUetan daudenak.

∞Lotura duten albisteak: