Altzolatik Kalamuara arteko Memoriaren Ibilbidearen zati bat aurkeztu dute Aiastian, ez polemikarik gabe

Barren.eus 2021ko ira. 20a, 12:47

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Memoria Institutuak eta Elgoibarko Udalak bultzatutako Elgoibarko Memoriaren Ibilbidea aurkeztu zuten domekan Aiastian, 36ko gerran Zirardamendin hildako gudari eta milizianoak omentzeko urtero egin ohi duten ekitaldiaren baitan.

 Aurkezpenean, Elgoibarko alkate Ane Beitiak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek eta Patxi Juaristi EHUko historilariak hartu zuten hitza. Ekitaldira batutakoen artean beste aurpegi ezagun batzuk ere baziren, hala ere. Hantxe ziren, esate baterako, Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako sailburuordea; Jon Gambra Gipuzkoako Aldundiko Giza Eskubide eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusia; Elgoibarko Udalean ordezkaritza duten EAJko, EHBilduko eta Podemoseko ordezkari eta militanteak; 36ko gerran zeresan handia eman zuten udaletako agintariak, besteak beste, Mungiako, Turtziozko, Zallako, Markina-Xemeingo, Berritxuko eta Etxeberriako alkateak eta Eibarko eta Berandoko Udaleko ordezkariak; eta memoria historikoaren aldeko Elgoibar 1936taldekoak.

2021 09 19 memoriaren ibilbidea elgoibar aurkezpena aiastia udalordezk barren

Ane Beitiak egin zituen atarikoak. Alkateak zehaztu zuen Altzolatik Kalamuara arteko ibilbidearen zati bat zela atzo aurkeztutakoa, Aiastiatik Zirardamendira artekoa, eta Elgoibarko Olaso hilerrian duela zazpi urte eraki zuten Kolunbarioak ixten duela Elgoibarren ibilbidea.
Patxi Juaristi histolariari eta EHUko irakasleak eman zituen argibide historikoak. Juaristik esan zuen gertaera historiko garrantzitsuenen lekuko izan zirela Elgoibarko mendiak 1936ko gerran. Izan ere, Kalamua, Urkaregi, Zirardamendi eta Aistia inguruetan gudari eta milizianoek tropa frankisten kontra egindako ahaleginak ahalbidetu zuen batetik gorte errepublikanoek Euskadiko Lehen Autonomia Estatutua onartzea (urriaren 1ean) eta bestetik, Eusko Jaurlaritza bera sortzea (urriaren 7an egin zuen zin Jose Antonio Agirre lehendakariak), bai eta gure administrazioaren erakunde publiko batzuk sortzea ere, besteak beste lehenengo unibertsitate publikoa.
Gudari eta miliziano haien sakrifizioaz eta balentriez jardun zen Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal ere, eta esker on hitzak izan zituen gerran "Euskadiren eta askatasunaren alde" borrokatu zirenentzat eta memoria historiakoren alde ari diren pertsona eta erakundeentzat. Era berean, eta Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legearen proiektua aipatuz esan zuen, Elgoibarko ibilbidea "mugarri bat" dela memoriaren lekuen eta ibilbideen proiektuan. Elgoibarko "mugarri" honek konpromiso bat ere badakarrela nabarmendu zuen sailburuak. "Mugarri honek konpromiso bat dakar Euskadiko gerrako beste ibilbide eta eremu bereziki esanguratsu batzuekiko, bai Gipuzkoa eta Bizkaia artean egonkortutako frontearen fronte horretan, bai beste lerro eta fronte batzuetan".

 • Eztabaida sortu zuten adierazpenak
Ekitaldira batutakoek adi entzun zituzten hitzok, baina izan zen tentsio unerik ere Artolazabalen hitzartzeak iraun zuen bitartean. Sailburuak esan zuen gudari hitza "balioetsi" nahi zuela, azkeneko hamarkadetan "zikinduta" egon dela arrazoituta, eta Unai Parot presoari aipamena eginez hauxe esan zuen, gazteleraz: "Ozen eta argi hitz egin nahi dut. Henri Parot ez da sekula gudari bat izan. Henri Parot hiltzaile bat da. Lehen eta orain argi utzi nahi dugu ez gaudela biziarteko kartzela-zigorraren alde, ez Henri Parot bezalako ETAko hiltzailerik gosetienentzat, ez beste krimen gaitzesgarri batzuk egin dituztenentzat ere. Aste konplikatua izan da, baina gelditu nahi nuke Iciar Bollainen 'Marixabel' filmak transmititu digun itxaropenarekin" (ikus Artolazabalen adierazpenak eitb.eus-en). Adierazpen horiei txistuka erantzun zieten ekitaldira bildutako zenbaitek, eta bakarren batzuek alde ere egin zuten. Elgoibar1936 taldekoek ere gaitzetsi dituzte Artolazabalen berbak eta gudari eta milizianoen aldeko ekitaldia "alderdi interesen alde" erabiltzea egotzi diote EAJri. "Gu ez ginen EAJren mitin politiko batera gonbidatuak izan, eta gudari eta milizianoak alderdi interesetan erabiltzea oso larria eta maila baxukoa iruditzen zaigu. Zerikusirik gabeko gauzak nahasi eta giroa gaiztotu dute ekitaldian", zabaldu duten euren blogean. Horren harira, Elgoibarko Udalak "konfiantza markoa hautsi" zuela nabarmendu dute: "Borondate osoa daukagu elkarlana sustatzeko memoriaren berreskurapenaren defentsan, baina horrelako ekitaldi bat alderdi interesekin erabiltzea nahi badute, gu ez gaude prest". Adierazpenon ondotik, atzoko ekitaldira gonbidatuta zeuden Markinako Ahaztuen Oroimena taldekoek ere bertxiotu dituzte Elgoibar36 taldekoen hitzak. "Memoria oso eta kolektibo bat eraikitzeko, ezinbestekoa egiak errespetatu eta elkarlanean jardutea. Justizia trantsizional oso bat egikaritze bidean", gehitu diote Elgoibarko taldekoek zabaldutako txioari.

Nolanahi ere, atzoko ekitaldia ez zen Memoriaren Ibilbidearen aurkezpenean amaitu. Aurkezpenak eginda, Ane Beitiak eta Beatriz Artozabalek lore-sorta bat utzi zuten Aiastiako frontoi ondoan dagoen Gernikako arbolaren kimuaren ondoan, eta ondoren, eta urtero legez, Zirardamendirantz abiatu ziren ekitaldira batutakoak, oinez. Zirardamendiko hobietan krabelin bana utzi zuten ondoren, eta Iñaki Goiogana historialariaren azalpenak entzun ostean, Eusko Gudariak abestuz amaitu zuten ekitaldia.

2021 09 19 memoriaren ibilbidea elgoibar aurkezpena zirardamendi lorak barren

2021 09 19 memoriaren ibilbidea elgoibar aurkezpena aiastia patxi juaristi barren

2021 09 19 memoriaren ibilbidea elgoibar aurkezpena aiastian barren

∞Lotura duten albisteak: