Gaueko aisialdiko establezimenduak zabaltzeko baimena eman du LABIk, 03:00ak arte

Barren.eus 2021ko ira. 17a, 10:58

Koronabirusaren pandemiari aurre egiteko neurriak leuntzea erabaki du LABIren Aholkularitza Batzordeak gaur. Besteak beste, gaueko aisialdia baimendu du, 03:00ak arte, eta %75eko gehieneko edukiera zehaztu du jarduera guztietarako.

Era berean, barran edota tente kontsumitzeko debekuari eutsi dio. Maskara janztea ere derrigorrezkoa izango da barruetan eta 1,5 metroko distantzia gorde ezin den gainerako leku guztietan. Neurriak bihar sartuko dira indarrean eta hamabost egun barru berrikusiko dituzte.

Osasun egoera hobera egiten ari dela nabarmendu du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, baina tentuz jokatu behar dela ohartarazi du, besteak beste, birusak zein bilakaera izango duen garbi ez dagoelako, txertaketa-erritmoan alde handiak daudelako han eta hemen eta ez dagoelako garbi jakiterik immunizazioa zenbaterainokoa den. Hala ere, hobera egiten ari garela ziurtatzeko arrazoiak badaudela nabarmendu du, eta hiru arrazoi eman ditu: batetik, esan du 12 urtez gorako herritarren %85ek jaso dutela txertaketa pauta osoa dagoeneko eta aurreikusten dutela epe laburrean gainduko dela %90eko langa (LABIren azkeneko batzarretik sei puntu egin du gora txertatutakoen kopuruak); bestetik, aipatu du Zainketa Intentsiboetako Unitateetan 50 lagun daudela gaur ingresatuta Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian eta joera beheranzkoa ari dela izaten. Eta azkenik, esan du intzidentzia-tasa 100.000 laguneko 150 kasu baino gutxiagokoa dela gaur. LABIren azkeneko batzarretik, beraz, ia 200 puntu apalagoa da intzidentzia-tasa hori.

Egoera guztiz normaldu aurreko trantsizio aldian sartu garela esan du Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Egoera hobera egiten ari dela ziurtatu du, baina zuhurtziari eutsita. Laburrean, honakoak dira gaur hartutako erabakiak:

  • Gaueko aisialdia baimendu dute, 03:00ak arte.
  • Diskoteketan, dantzalekua erabili ahal izango da, baina maskara janztea ezinbestekoa izango da.
  • Merkataritza, ostalaritza, kultura eta kirol jardueretarako gehienezko edukiera %75ekoa izango da.
  • Barran eta tente kontsumitzeko debekuari eutsi diote.
  • Ostalaritzan gehienez zortzi lagun elkartu ahal izango dira barruan, mahai bueltan. Kanpoan, berriz, hamabi.
  • 3.000 lagun baino gehiago hartzeko lekua dagoenetan, barruan, gehienez %40koa izango da edukiera. Kanpoan, %60koa.
  • Txoko eta elkarteetan ostalaritzako baldintza berberak bete beharko dituzte.
  • Lonja eta gazte-lokalak zabalduko dira, baina 16 eta 29 urte arteko gazteen %85ek jasotzen dutenean txertaketa pauta osoa
  • Museoetara eta leku turistikoetara egiten diren bisita gidatuetan gehienez hogei lagun elkartu ahal izango dira taldeetan
  • Barruko instalazioetan gehienez 16 lagun elkartu ahal izango dira kirola egiteko.