Debabarreneko Mankomunitateak Plan Estrategikoa aurkeztu zuen 2020ko ekainean eta 2030erako gaikako bilketaren %70a lortzeko helburua ezartzen da bertan, hori lortzeko gakoak azalduz. Harrezkero urtebete pasa da eta gaikako bilketak eskualdean izan duen bilakaera adierazten duten datuak plazaratu dituzte orain. Datuok positiboak direla adierazi dute arduradunek. Saltokietan eta ostalaritzan egindako kanpainei, herritarrak kontzientziatzeko eguneroko lanari eta herritar guztien inplikazioari esker lortu da datuak hobetzea Mankomunitateko lehendakari Iosu Arraizen berbetan. "Gaikako bilketaren ehuneko handiago baterantz urratsak egiten jarraituko dugu, guztion artean lor baitezakegu birziklatzeko ohiturak hobetzea eta ingurumena hobeto zaintzea, ez bakarrik gure etxeetan eta saltokietan, baita lanean eta kalean ere", adierazi du Arraizek.
• Sentsibilizazio kanpainen eragina
Herritarrak sentsibilizatzeko eta Debabarreneko gaikako bilketa hobetzeko azken aldian martxan jarri dituzten sentsibilizazio kanpainen eragina azpimarratu dute Mankomunitatetik. Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen dituen diru-laguntzei esker, establezimendu eta saltokietan gaikako bilketa hobetzeko kanpainak egin ziren 2020an: bisitak egin zituzten fruta-dendetara, pintxoak zituzten tabernetara eta jatetxeetara zatiki organikoaren bilketa hobetzeko, eta baita saltokietara ere, merkataritza-kartoiaren bilketa hobetzeko.
Ecovidriorekin lankidetzan egin zuten beste sentsibilizazio kanpaina bat ere gogora ekarri dute. Eibar, Ermua, Mutriku eta Debako tabernetan beiraren birziklapena errazteko eta haien beharrei erantzuteko egin zuten. Eta, Ecoembesen eskutik, “Horian zer?” kanpaina ere jarri zuten martxan, herritar guztiak sentsibilizatzeko helburuarekin, edukiontzi horira bota daitezkeen eta bota behar ez diren hondakinei buruz informatzeko.
Mankomunitateak kanpaina handi bat ere egin zuen Gabonetan birziklapena sustatzeko, eta Olentzerok, Errege Magoek eta Santa Klausek herritar guztiei lagundu zieten hondakinak hobeto bereizten eta edukiontzi egokietan uzten.