DanobatGroupek diruz lagunduko ditu Santa Klara komentua Gautena elkartekoen beharretara egokitzeko lanak

Barren.eus 2021ko ira. 9a, 14:31

DanobatGroupek 600.000 euro bideratuko ditu Elkarrekin Eragin lankidetza sozialeko programara. Gizarteratzea sustatzea, gaitz neurodegenetariboetako terapia berriak ikertzea eta autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonentzako eta senideentzako azpiegitura berriak sortzea dira Elkarrekin Eragin programaren aurtengo zutabeak, eta horren barruan, Elgoibarko Santa Klara komentua autismoaren nahasmena duten Gipuzkoako elkartearen beharretara egokitzeko lanak lagunduko dituzte diruz.

DanobatGroupek 2018an abiarazitako lankidetza proiektua da Elkarrekin eragin, “taldearen konpromiso soziala handitzeko eta langileen parte-hartze aktiboaren bitartez lankidetza proiektuak laguntzeko sortutakoa”. Aurtengoa bigarren edizioa da. Taldeko langileek beren ustez laguntzak jaso behar dituzten proiektuen hautagaitzak aurkeztu zituzten lehenengo fase batean, eta gero, bozketa bidez erabaki dituzte finalistak. Hiru guztira: Bizipoza erakundearen (Bizipoza.eus) gizarteratzeko eta elkartasuna sustatzeko bi proiektu, Elgoibarko Santa Klara komentua birgaitzeko lanak eta Walk on Project (walkonproject.org/WOP) erakundearen proiektu bat, zehazki gaixotasun neurodegeneratiboen kontrako terapia berrien garapenean aurrera egiteko entsegu kliniko bat. Hiru erakunde horiek 600.000 euro jasoko dituzte hurrengo hiru urteetan ekimenok gauzatzeko. “Gertuko eragin eremuarekiko konpromisoa gure DNA korporatiboaren parte da. Programa honen bitartez gure ingurunearen garapen sozioekonomikoari ekarpena egin nahi diogu, eta horretarako diferentzia markatzen duten proiektuekin elkarlanean jardungo dugu”, zabaldu du Andres Mazkiaranek prentsa-ohar bidez. DanobatGroup taldea osatzen duten kooperatibek mozkin garbien %10 Kooperatiba Sustapeneko funtsetara eta interes publikoa duten beste helburu batzuetara bideratu dute. Izaera sozial eta kulturaleko elkarte, erakunde eta ekimenekin lankidetzan aritzen dira, besteak beste, Gurutze Gorriarekin, Lurgaiarekin eta Mundukiderekin.

“Oso harro gaude Elkarrekin Eragin proiektuaren emaitzaz. Balio sozial eta zientifiko handiko hiru proiektu gauzatzen lagundu dugu, eta Danobatgroup osatzen duten pertsonen inplikazioarekin eta partaidetzarekin egin ahal izan dugu hori. Horrek, halaber, indartu egiten gaitu erakunde gisa eta giza kapitalarekin, aukera berdintasunarekin eta gure inguruneko kohesio sozioekonomikoarekin dugun konpromisoa erakusten du”, ziurtatu du Cesar Arriolak, Danobatgroupeko lehendakariak.

2021 09 09 ELKARREKIN ERAGIN danobatgroup 2021 v22

Diruz lagundutako hiru proiektuak

 • BIZIPOZA: Bizipoza elkartearenak dira hiru proiektuetako bi. Behar berezidun familien ongizatea bermatzeko lanean aritzen diren 35 elkarte biltzen ditu Bizipoza taldeak, eta dirulaguntza honi esker, hezkuntza gida bat sortuko du hezkuntza arauturako zein hezkuntza ez-formalerako unitate didaktikoak sortzeko. “Testuinguru sozioekonomiko desberdinen inguruko sentsibilizazioa indartzea eta gizarte inklusibo baten eraikuntzan aurrera egitea da gidaren helburua”, jaso dute sustatzaileek. Gidaz gain, beste ekimen bat ere jarriko dute martxan: Tokiko Boluntariotza: KM0 Bizipoza. Tokiko elkartasuna eta kultura eta hezkuntzako eragileen arteko sareak sortzea izango du helburu ekimen horrek, sare horien bidez erakunde publikoen eta gizartearen arteko elkarlana errazteko.

 • GAUTENA: Gure eskualdean eskaintzen dituen zerbitzuak hobetzeko baliatuko du Gautenak DanobatGroupek emandako dirua. “Guretzako sekulako arnasa izango da dirulaguntza hau. Hiru urterako laguntza da, eta diru horrek ahalbidetzen digu gure zerbitzua indartzea”, azpimarratu du Amaia Lopetegi Gautenako presidenteak. Santa Klara komentuko instalazioak egokituko dituzte familiei espazio zabalago eta egokiagoa emateko atseden programetarako, instalazioak erakundearen eta eskualdeko familien arteko elkargune bilakatzea eta eguneko zentroetan dauden pertsona nagusiei espazio berde zabal bat eskaintzea beraientzako dauden programak garatzeko.

 • WOP: Walk on Project izeneko proiektua lagunduta, berriz, gaixotasun neurodegeneratiboen ikerketa bultzatuko du Danobat-Groupek. Ama zeluletatik abiatuta, haur leukodistrofiari aurre egiteko terapia baten entsegu klinikoak egiteko baliatuko dute dirua [Ondoretasunezko nahasmen genetikoa da leukodistrofia, burmuineko nerbio zuntzak estaltzen dituen mielinaren gantzaren endekapenak eragindako nahasmendua].