Jubilatuen Biltokiko gizarte aretoa berriro zabalik itxiera luzearen ondoren

Barren.eus 2021ko ira. 7a, 11:56

Pandemia hasi zenetik itxita egon eta gero, zabalik da berriro Elgoibarko Jubilatuen Biltokiko Gizarte aretoa. Arduradunek aurreratu dutenez, pixkanaka ohiko jarduna berreskuratzen joango da Biltokia, erabiltzaileen segurtasuna eta osasuna lehentasun eta ardatz izanik.

Biltokiko Gizarte aretoa itxita egon da orain arte, izan ere, alarma egoera amaituta bazegoen ere, adinekoak talde zaurgarria direla aintzat hartuta, Biltokiaren irekiera pausoz-pauso egin du Udalak, "uneoro erabiltzaileen segurtasuna eta osasuna lehenetsiz eta bermatuz". Gizarte aretoaren irekierarako, esaterako, kontingentzia plan bat osatu dute, erabiltzaileen ongizatea bermatzeko.

 • Txangoak eta hainbat ekintza
Orain, taberna (iazko ekainean ireki zuten) eta erabilera anitzeko gelarekin batera gizarte aretoa ere zabalduta, Biltokia ohiko jarduera berreskuratzen joango dira, eta bide horretan, datozen aste zein hilabeteetarako hainbat ekintza eta ekimen antolatu dituzte, hala nola, Zumaiara egun bateko txangoa, Añanako Gatz haranera bisita edota bestelako jardun mota ugari ere. Ekintza zein irteera guztiak, "segurtasun neurri zorrotzpean antolatuko dituztela zehaztu dute.
Azken areto honen irekierarekin, beraz, Udalaren asmoa da Biltokiaren izaera eta izana berreskuratzea eta hauspotzea, dagoeneko biztanleen gehiengoa txertatuta egoteak eskaintzen duen "segurtasun balio erantsiaren bermea aprobetxatuz", adineko pertsonek protagonista izan daitezen, eta elkar harremantzeko zein beren interesekoak diren jarduerak egiteko espazioa berreskura dezaten.

∞Lotura duten albisteak: