Udako etenaren ostean, gaur itzuliko dira berriz murrizketen kontrako mobilizazioak

Barren.eus 2021ko ira. 6a, 08:50

Gaur itzuliko dira plazara Gaurgeroa-Duintasuna taldeko kideak, murrizketen kontra protesta egiteko. Elkarretaratzea egingo dute gaur, 19:00etan, Kalegoen plazan, eta irailaren 20rako, berriz, manifestazioa antolatu dute.

Toledoko Itunak proposatzen dituen murrizketekin eta lan erreformaren aldaketekin etorkizuna beltz ikusten dute, eta kezka sortzen die baita ere zaharren egoitzetan Covid 19-a izaten ari den eragina. Gasaren, argiaren eta beste hainbat oinarrizko baliabideen garestitzeak pentsio apalak dituztenengan izango dituen ondorioak ere kezkagarriak direla adierazi dute. Era berean, osasun zerbitzuak orokorrean eta Elgoibarren bertan izan dituen murrizketekin ere kritiko agertu dira, eta gogoratu dute uztailaren 2an bete zirela bi urte anbulategiko larrialdi zerbitzua kendu zutenetik. Horregatik guztiagatik borrokan segitu behar dutela uste dute. Euren ekimena hasi zutenetik hainbat gauza lortu badira ere, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta %100eko alarguntasun pentsioa aldarrikatzen jarraituko dute.