Euri langar artean egin duten ekitaldian, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek eman dizkio familiari Aniceto Agirrebeitia Lazpita gudulariaren gorpuzkiak. Elgoibarko Udal Txistulari Taldeko kideek eta Haritz taldeko dantzariek girotu dute saioa.
- ARGAZKI-BILDUMA: Aniceto Agirrebeitia gudulariaren gorpuzkiak hobiratzeko ekitaldia
• Gorpuak hobitik ateratzeko eta DNA bidez identifikatzeko prozesua
Aniceto Agirrebeitia Lazpitaren gorpuzkiak 2020ko udan aurkitu zituzten, eta 2020ko abenduan lurpetik atera, Amorebieta-Etxanoko Bizkargi mendian. Aztarnen ondoan 58.331 zenbakiarekin aurkitu zen txapa identifikatzaileari esker, lehenengo identifikazioa egin ahal izan zuten, Euzkadiko Gudarostearen dokumentazioa kontsultatuta. Aniceto Agirrebeitia Lazpita zen, Esteban Salsamendi batailoiko milizianoa, EPK Euskadiko Alderdi Komunistari atxikitako batailoikoa. Dokumentazio honen bidez, bere heriotzaren data ere jakin ahal izan zen: 1937ko maiatzaren 16a, 26 urte zituen. Berrizkoa zen, bost anai-arrebako familia bateko zaharrena, ogibidez okina.
Gorpuzkiak familiakoei ematerakoan, honakoa esan die Beatriz Artolazabalek: "Gaur euskal erakundeetatik lagundu nahi genizuen, uste baitugu betebehar hori dugula Euskadin memoriaren politika publikoen arduradun garen aldetik", "Gure hurbiltasun eta maitasun guztia" transmititzeko, "Zuen senideak, zortzi hamarkada baino gehiago geroago, Duintasunaren Kolunbarioan bakean atseden hartzen duen unean".
Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Lege proiektua onartu eta hurrengo egunean egin dute gaur gorpuzkiak hobiratzeko ekitaldia, eta hori ere aipatu du Artolazabalek. Bere berbetan, gaurkoa bezalako ekitaldiek "memoriaren politika publikoen garrantzia eta erabilgarritasuna oso ondo sinbolizatzen dute". Zentzu horretan, "Euskadiren memoria historikoa eta demokratikoa berreskuratzeko ematen ditugun pausoak gure herrian elkarbizitza eraikitzeko ematen ditugun pausoak dira", gaineratu du. "Harro nago Euskadin demokrazia defendatzeko borrokatu ziren Aniceto bezalako pertsonei duintasuna itzultzen laguntzeaz".
• 59 pertsonen gorpuzkiak
Familiak Aniceto Agirrebeitia Lazpitaren gorpuzkiak jaso ditu, eta, jarraian, Duintasunaren Kolunbarioko horma-hobi batean ehortzi ditu, 36ko gerrako beste 58 pertsonaren gorpuzkiekin batera. 2001. urteaz geroztik, 46 desobiratze egin dituzte: 24 Bizkaian, 15 Gipuzkoan eta 7 Araban. Desobiratze horietan, 110 biktimaren gorpuzkiak berreskuratu dira, 108 gizon eta bi emakume; horietako 27 identifikatu ahal izan dira, emakumea bat: Monica Barron del Val.
Hilobitik ateratako biktima gehienak gudulariak ziren, 70, baina epaiketaz kanpoko 26 biktima eta 14 hildako ere berreskuratu dituzte. Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan, gaur egun, 59 pertsonaren gorpuzkiak daude, horietatik hamar identifikatuta.
Ekitaldian izan dira, Agirrebeitia familiaz gain, Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluko ordezkari politikoak: EAJ-PNVko Maitane Ipiñazar, EHBilduko Julen Arzuaga, PSE-EEko Miren Gallastegui eta Elkarrekin-Podemoseko Jon Hernandez. Haiekin batera, Elgoibarko alkate Ane Beitia eta udalbatzako kideak, eta Euskal Prospekzio Taldeko, Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Elgoibar 1936 taldeko kideak.
Artolazabal sailburuak eskerrak eman dizkie erakundeei, elkarte memorialistei eta Aniceto Agirrebeitiaren gorpuzkiak familiari emateko aukera izan dezaten lan egiten duten eta laguntzen duten pertsona guztiei. "Zuen adoreari esker gauzatu ahal izan dira, erakundeen bidez, Gerra Zibilean desagertutako pertsonak aurkitzeko eta identifikatzeko memoria-politika eraginkorreko hamarkadak".
∞Lotura duten albisteak:
- Frankismoan preso egondakoak omendu dituzte Kolunbarioan (2019-09-21)
- Jende ugari elkartu da Olasoko kolunbarioan frankistek hildako elgoibartarren omenaldian (2018-09-22)
- Miguel Vargasen gorpuzkinak hobiratu dituzte Duintasunaren Kolunbarioan (2018-04-17)
- 36ko Gerran galdutako 24 pertsonaren gorpuzkinak hobiratu dituzte Olason, Duintasunaren Kolunbarioan (2018-02-09)
- Frankismoaren biktimak omendu zituzten Olasoko hilerrian, Duintasunaren Kolunbarioan (2017-09-25)
- Hobi komunetan zeuden 27 pertsonaren gorpuzkinak hobiratu dituzte Olasoko Duintasunaren Kolunbarioan (2017-01-30)
- Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratuko du Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioa (2017-01-24)