Frankistek eta errepublikaren aldeko indarrek 1936ko gerran Elgoibarren eginiko bonbardaketak ere jasotzen ditu Bonbardaketen atlasak

Barren.eus 2021ko uzt. 27a, 12:19

Xabier Irujo historialari nafarraren "Atlas de bombardeos en Euskadi (1936-1937)" ikerketa-lanak 1936ko uztailetik 1937ko abuztura bitartean Euskal Herrian egindako 1.220 bonbardaketa-operazio jasotzen ditu. Lana zabaltzea eta datuak bistaratzea errazteko, GeoEuskadi aplikazioan bonbardaketa puntuak geolokalizatu dituzte, tartean Elgoibar eta inguruetan egin zituzten bederatzi bonbardaketak.

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak bultzatuta egin du ikerketa lan hau Xabier Irujo ikerlari eta Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendariak. "Atlas de bombardeos en Euskadi (1936-1937)" izeneko liburua da ikerketa lan horren emaitzetako bat. Ikerketa-lan horretatik ondorioztatzen denez, 1936ko uztailetik 1937ko abuztura bitartean 1.220 bonbardaketa-operazio izan ziren Euskal Herrian, eta 1.400 hildako izan ziren gutxienik. Bonbardaketa-operazio bat aire-unitate batek edo batzuek gerra-egun bakar batean helburu bakar bati egindako aire-erasoen multzoa da. Horrek esan nahi du bonbardaketa operazio batean bonbardaketa bat edo gehiago egin daitezkeela. Horrela, epe horretan 2.042 bonbardaketa izan ziren. Irujok egindako lanaren arabera, 1.870 matxinatuek egindako bonbardaketak izan ziren eta 172 errepublikanoek egindakoak; hau da, bonbardaketen %92 inguru matxinatuenak izan ziren eta %8,2 errepublikarrenak.

Bonbardatu zituzten herri guztien ikur Gernika da, eta Eibarko eta Durangoko bonbardaketei buruzkoak ere aski ezagunak dira. Aldiz, badira beste asko hain ezagunak ez direnak. Izan ere, 127 udalerri bonbardatu zituzten airetik urtebeteko epean. Gainera, herri batzuk behin eta berriz bonbardautu zituzten: Zornotza 49 aldiz, Zigoitia 39, Mungia 36, Larrabetzu 35, Markina 35 edo Elgeta 33 alditan.

 • Bonbardaketen mapa geolokalizatua
Lana zabaltzea eta datuak bistaratzea errazteko, GeoEuskadi aplikazioan geolokalizatu dira "Euskadiko bonbardaketen atlasa (1936-1937)" argitalpenean zehazten diren puntuak. Horri esker, aldez aurretik ikus daitezke bonbardaketa geolokalizatuaren datu garrantzitsuenak eta informazio hori zabaltzeko atlasaren orrialdearen erreferentzia.

2021 07 27 bonbardaketen mapa geolokalizatua elgoibar xabier irujo gogora

 • Bonbardaketak Elgoibarko frontean
Elgoibarri dagokionez, Frankisten hegazkinek birritan bonbardatu zuten Elgoibarko frontearen ingurua, 1936ko irailaren 24an eta 1937ko martxoaren 31n. Lehenengoan Fokkers F-VII eta Junkers Ju52 hegazkinetatik jaurti zituzten bonbak, 15.000 kilo lehergailu guztira, eta hainbat eratakoak: A-5 erako 418 lehergailu, A-6 erako 160, 20 kiloko 41, 80 kiloko bost, 15,5 kiloko bost eta naval erako 80. Ikerketak ez du zehazten zenbat biktima izan ziren.
Errepublikanoen hegazkinek hiru aldiz bonbardatu zuten Elgoibar inguruko frontea: 1936ko irailaren 22an eta urriaren 13an eta 1937ko apirilaren 9an. Lehenengo bonbardaketan, irailaren 22koan sei hegazkinek hartu zuten parte. Ikerketak ez du zehazten zenbat biktima izan ziren. Matxinatuen tropen aurka eginiko bonbardaketa horri buruz Euzkadi agerkarian argitaratutakoa ere jaso du Irujok bere lanean. "Goizean, gure abiazioak efikaziaz bonbardatu ditu arerioaren posizioak Gipuzkoako frontean. Aginteak emandako helburuak bete dituzte, ondorio txarrik izan gabe". El Liberalen argitaratutakoak ere jasotzen ditu. Elgoibarren eginiko borbardaketan matxinatuen konboi militar bat jo zutela bonbek dio, eta bi kamioi suntsitu zituztela. Era berean, Elgoibarren eginiko bonbardaketarekin matxinatuek Eibarren egitekoak ziren erasoa eragotzi zutela dio El Liberalek. (Irakurri hemen)
Urriaren 13ko bonbardaketan errepublikarren aldeko bi hegazkinek hartu zuten parte Eibar eta Markina artean zegoen arerioaren kuartel nagusia suntsitzea zuten helburu, El Noticiero Bilbaionok jaso zuenez.
Elgoibarko herrigunean eginiko bonbardaketez gainera, inguruko mendietan ere egin zituzten bondardaketak, Urkarre edo Kalamua mendietan esaterako. Zehazki, Frankisten hegazkinek birritan bonbardatu zituzten errepublikanoek Urkarregi mendiaren inguruan ezarritako posizioak. Era berean, errepublikanoen hegazkinek birritan bonbardatu zituzten frankisten posizioak Urkarregi mendiaren inguruan. Kalamua mendian ere lau bonbardaketa izan zirela jaso du Irujok, bi errepublikaren aldekoenak eta beste biak matxinatuenak. Alberto Onaindiaren lekukotzaren arabera, matxinatuek ia egunero bonbardatu zituzten Kalamua inguruko posizioak 1936ko urrian. "Hegazkin italiarrek egunero egin zituzten bonbardaketak Kalamuan, eta batzuetan behin baino gehiagotan egun berean. Herritarrak ohitu egin ziren txori beltz haiek zeruan ikustera eta haiek ikustera irteten ziren etxeetatik". Mendaro eta Mutriku artean dagoen Arno mendian frankistek ezarritako posizioak ere birritan bonbardatu zituzten errepublikanoen hegazkinek.

2021 07 27 bonbardaketen atlasa artoazabal irujo
 • Memoria Historikoaren Lege egitasmoa
Eusko Jaurlaritzak gaur, uztailak 27, eramango du Gobernu Kontseilura Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legearen aurreproiektua.

2021 07 27 bonbardaketa 36gerra elgoibar eliza arkupeak erich andres MECD

2021 07 27 bonbardaketen babesean 36kogerra elgoibar elizapean erich andres MECD