Elgoibarko Udalak "irmotasunez" gaitzetsi du Gijonen bi emakumeren aurka eginiko eraso matxista

Barren.eus 2021ko uzt. 26a, 13:03

Lau gizon atxilotu zituzten zapatuan Gijonen (Espainia), bi emakumeri, horietako bat bergararra, sexu erasoa egitea leporatuta. Elgoibarko Udalak Gijongo eraso matxista hori gaitzesteko adierazpena zabaldu du, eta elkartasuna adierazi die biktimen senideei eta hurbilekoei.

Bortxaketa salatu duten bi emakumeek, 22 eta 23 urtekoak, salaketa jartzean argitu zuten lau gizonek sexu harremanak izatera behartu zituztela joan den barikuan, Gijoneko hostal batean. Lau gizonezkoak ostalean bertan atxilotu zituzten zapatuan.

Elgoibarko Udalak adierazpena plazaratu du Gijonen gertatutako eraso matxista gaitzesteko. Hona adierazpena:

"Elgoibarko Udalak bere gaitzespen irmoena azaldu du Xixonen bi emakumeen aurka, horietako bat bergararra, egindako eraso matxistaren aurrean. Udalak elkartasuna adierazten die biktimen senideei eta hurbilekoei.

Emakumeenganako indarkeria era guztietan (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.
Eraso honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.
Elgoibarko Udalak bat egin du Bergarako Udalaren gaitzespen-adierazpenarekin, bai eta antolatzen diren gaitzespen-ekimen guztiekin ere".