Covid-19a detektatzeko autodiagnostikorako test azkarrak saltzen hasi dira farmazietan

Barren.eus 2021ko uzt. 22a, 17:14

Errezetarik gabe autodiagnostikorako testak erosteko aukera dago aurrerantzean farmazietan. Bi test mota egongo dira salgai farmazietan: antigeno testak eta antigorputz testak.

Espainiako Ministroen Kontseiluak oniritzia eman eta gero, salgai daude Covid-19aren autodiagnostikoa egiteko testak farmazietan. Test azkarrak dira, emaitza bizkor ematen dutenak eta 10 eta 15 euro artean balio dutenak. Alabaina, ez dute agiri ofizial baten besteko baliorik.

  1. Lagina norberak hartu ahal izango du test horiekin eta emaitza interpretatu, profesional baten laguntzarik gabe. Errezetarik gabeko bi test mota egongo dira salgai farmazietan: antigeno testak eta antigorputz testak. Antigeno testa infekzioa hartu eta zazpi egunera edo sintomekin hasi eta bost egunera egin behar da, karga birala altuen dagoen egunetan, hain zuzen. Test horretarako lagina sudurretik hartu beharko da, eta pertsonak, une horretan bertan, gorputzean birusaren osagaiak dituen egiaztatzen du.
  2. Antigorputz autotest serologikoan, berriz, odol lagin txiki bat beharko da testa egiteko.

Kontuan izan behar da positibo faltsuak edo negatibo faltsuak atera daitezkeela karga birikoa baxua denean edo sintomarik ez dagoenean. Horregatik, Europako Batasunak gutxienez %97ko espezifikotasuna eta %90eko sentsibilitatea duten testak erabiltzea gomendatzen du.

Autodiagnostikorako antigeno testetan positibo ematen dutenek Osakidetzari jakinarazi beharko diote, PCR probaz egiaztatzeko.