Ostalaritza 01:00etan ixtea eta maskarak hiriguneetan derrigorrezkoak izatea erabaki du Labik

Barren.eus 2021ko uzt. 22a, 19:12

Prebentzio neurriak indartzea erabaki du Labiren Aholku Batzordeak. Nabarmenenak dira jarduera ekonomiko guztiak 01:00etarako itxita egotea, eta maskara derrigorrezkoa izatea, hiriguneetan.

EAEko Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak (Labi) hartu dituen neurriak bihar, uztailak 23, jarriko dira indarrean, eta indarrean dauden neurriei eusteaz gain, honako erabaki hauek ere hartzen ditu:

  • Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da trantsitua duten hiri-inguruneetan. Gainera, ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduetan nahitaez eta uneoro erabili behar da maskara, barrualdeetan zein terrazetan, salbuespen bakarra elikagaiak edo edariak hartzeko unea da. Maskararen erabilera arautzen duen araua dekretu bidez jaso berri du Espainiako Gobernuak, baina Iñigo Urkullu Lehendakariak esan du Labiren erabakiak "indartu" egiten duela Espainiako dekretuak ezartzen duena. "Espainiako errege dekretuak ere aurreikusten du derrigortasuna, baina ez du zehazten beti izan beharko lukeen edo ez. Horrek interpretaziorako aukerak ematen zituen, eta guk horiek ekidite aldera planteatu dugu derrigortasuna". Hala jasota dago maskararen erabilera dekretu berriaren zirriborroan: "maskara erabili beharra mota guztietako hiriguneetara hedatzen da, hala nola udalerrietako alde zaharretara, merkataritza-guneetara eta dendetara, merkatuetara, azoka txikietara edo ostalaritza-establezimenduak dauden guneetara, bai eta itsas espazio eta pasealeku guztietan, haurparkeetan, espaloietan, oinezkoentzako pasabideetan, plazetan edo jendea biltzen den kaleetan ere. Aldiz, maskararen erabilera ez da nahitaezkoa izango hainbat kasutan, hala nola: kirola aire zabalean egitean, pertsonen joan-etorriak ez dauden hiriguneetan, igerilekuetan, profesional edo semiprofesional mailako taldeen entrenamenduetan nahiz lehiaketetan, eta azkenik, kanpoaldean egiten den esfortzu handiko kiroletan. Era berean, igerilekuetan eta hondartzetan ere ez da nahitaez jantzi beharko maskara, beti ere leku jakin batean geldirik eta segurtasun distantzia errespetatzen bada. Halere, azken bi gune horietan egiten diren paseoetan eta desplazamenduetan maskara jantzi beharko da. Garraio publikoan ere maskara "derrigorrezkoa" dela gogoratu du lehendakariak. Honela dio dekretuak: "Sei urtetik gorakoek nahitaez erabili behar dituzte maskarak, edozein garraiobide erabiltzen denean, bidaia hasten denetik amaitzen den arte, salbuespen-kasu legaletan izan ezik. Ez da exijituko maskara erabiltzea garraio pribatuan, bidaiariak etxebizitza berean bizi badira. Garraio-profesionalak maskara eraman beharko du zerbitzuan dagoen bitartean, bere lan-eremua gelaxka batean edo babes-manpara batez mugatutako gela batean publikotik bereizita ez badago".
  • Gaueko 01:00etara aurreratzen da merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztiak ixteko gehieneko ordutegia.
  • Jarduera guztietan baimendutako gehieneko edukiera % 35era murriztu da lokal eta instalazio guztietarako, ostalaritzarako barne, dagoeneko kontratatuta dauden jardueretarako izan ezik. Aurrez programatutako kirol, kultur, ekonomia eta gizarte aktibitateei, ordea, ez die eragingo edukieraren neurriak asteburuan; neurri hori astelehenetik aurrera izango da aplikagarria gune horietan. Era berean, murriztu egin da gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldietako gehieneko pertsona-kopurua. 1.600 pertsonentzako edukiera duten guneetan, 400 lagun elkartu ahalko dira barrualdean, eta 600 kanpoaldean. 1.600 eta 5.000 bitarteko edukiera duten guneetan, berriz, 600 lagun hartuko ahalko dira gehienez barruan, eta 800 kanpoan. 5.000 pertsona baino gehiago har ditzaketen guneetan, ostera, edukieraren %20a onartuko dute gehienez.
  • Kutsatze-kasu batek edo kontaktu estuek nahitaez lagundu behar dute kutsatzeen miaketan. Dekretuak konfinatzeko edo berrogeialdia egiteko betebeharra ere ezartzen du, agintarien eta osasun-zerbitzuen jarraibideak betez.

Era berean, osasun erantzukizunerako ardura eskatu die Urkulluk herritarrei, "beren autoerantzukizunean oinarrituta, autolimitazio boluntarioa eskatzen zaie", honako neurri hauek aplikatzeko:

  • Gaueko ordu batetik seietarako mugigarritasuna mugatzea.
  • Gehienez ere sei laguneko taldeetan elkartzea.
  • Autokonfinamendua eta autoisolamendu pertsonala, lehen sintomak izan bezain laster; eta Osakidetzarekin harremanetan jartzea. 

Hona hemen dekretu berriaren zirriborroa -PDF-