Txertatzeko hitzordua eskatu ahalko da bihartik aurrera 12-15 urte artekoentzat

Barren.eus 2021ko uzt. 20a, 13:40

Bihartik aurrera 12 eta 15 urte arteko nerabeentzat txertaketarako orduak emateko prest egongo da Osakidetzaren webgunea.

Osasun sailburu Gotzone Sagarduik esan du bihartik aurrera emango dietela 12-15 urteko gazteei eta nerabeei txertoa hartzeko hitzordua. Adin tarte horretan daude 87.000 gazte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta ikasturtea hasten denerako txertaketa ere hasita egongo dela esan du Sagarduik, gobernu kontseiluaren ostean Eusko Jaurlaritzako ordezkariek egin duten agerraldian.

Osakidetzaren webgunean edo norberaren osasun zentrora (edo 900 20 30 50 telefonora) deituta hartu beharko da hitzordua.

2021 07 20 jaurlaritza batzarra tapia zupiria sagardui irekia jaurlaritza

Txertaketari dagokionez, Sagardui sailburuak hainbat ohar egin ditu:

  • Joan den astean, Euskadik milioi bat pertsona baino gehiago zituen bigarren dosiarekin. Gaur egun, 16 urtetik gorako biztanleen % 62k baino gehiagok amaitu dute txertaketa-prozesua.
  • Datorren astean amaituko da AstraZenecaren administrazioa 60 urtetik gorakoentzat.
  • 29 urtetik beherakoei dagokienez, orain arte 146.094 hitzordu eman dira.

Sagarduik gogora ekarri du gainerako gazteak (16tik 29 urtera bitartekoak) txertatzeko prozesua abian jarri berria dela, eta badirela oraindik txertoa jartzeko orduak libre. Batetik, uste du hori gertatu dela oporraldietan-eta dabiltzalako gazte asko; beste asko, berriz, kutsatu egin dira olatu honetan, eta, ondorioz, atzeratu egin behar izan dute txertaketa prozesua. Txertoa hartzera joan ezin duten gazteei eskatu die bertan behera uzteko hartuak zituzten orduak, beste pertsona batek erabiltzeko era izango duelako.

 • Intzidentzia-tasa sei aldiz biderkatu da
Azkenik, egoera epidemiologikoaren eta asistentzialaren balantzea ere egin du Osasun sailburuak. Ohartarazi duenez, 100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa sei aldiz biderkatu da azken asteotan, eta ospitaleetan sartzen den pertsona kopurua hazten ari da, nahiz eta "ez duen aurreko olatuen korrelazio bera". Agertoki guztiz berria dela azaldu du. "Herritarrak jakitun dira. Maskaren erabilera murriztu egin da. Badirudi beldur sentsazioa galdu dela. Udak, oporrek, atseden hartzeko eta erlaxatzeko beharrak birusa hedatzen lagundu dute. Ezin dugu dena txertaketaren esku utzi".

Lotura duten albisteak: