Benidormetik, Mallorcatik, Saloutik edo Coniletik datozen gazteei PCR proba egiteko eskatu die Osasun Sailak

Barren.eus 2021ko uzt. 20a, 13:00

Benidormen bidaian izan diren 16 eta 20 urte arteko gazteak baheketa batera deitu ditu Jaurlaritzaren Osasun Sailak, Mallorca, Salou eta Coniletik datozen gazteei egin dieten moduan. Hala, itzultzean, beren osasun-zentrora deitzeko eskatu diete gazteoi.

Osasun Sailak zehaztu du baheketa horren helburua balizko kutsatzeen transmisioa ahalik eta azkarren etetea dela. Datozen egunetan prebentzio neurriak zorrozteko eta harreman sozialak saihesteko eskatu die Benidormetik etorritako gazteei. Etxera itzultzean beren osasun-zentrora deitzeko ere eskatu die Osasun Sailak PCR bat egiteko hitzordua eska dezaten. Hitzordua eskatzeko osasun-aholkura ere deitu dezakete (900 203 050).

Osasun Saileko arduradunek herritar guztiei gogorarazi diete, COVIDekin bateragarriak diren sintomak badituzte, hala nola sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasunak edo usaimena galtzea, beren etxeetan isolatu eta beren osasun-zentrora deitzeko.