LABI teknikoak adierazpena egin eta gero, Iñigo Urkullu Lehendakariak araudi berria sinatu du gaur. Indarrean dagoen araudiari eusten zaio, neurri osagarriarekin: Parke, plaza, lorategi, hondartza, kirol-eremu, irristaketa edo skate pista eta gainerako eremu publikoetan ezingo dira elkartu bizikide ez direnak 00:00ak eta 06:00ak bitartean. Alabaina, mugikortasuna ez da murriztuko ordu tarte horretan. Udalei dagokie "gune horiek antolatzea", dio araudiak.
Jai giroko jende topaketak saihestea dute helburu arau honekin, egunotan koronabirus positibo kasuetan egon den igoeraren sorburua halako topaketetan dagoela uste baitute adituek. Jaiak bertan behera utzita daude berez, baina jaietako egunen bueltan izan dira jende pilaketak hainbat tokitan, eta horien ondoriozko kasuen goraldiak ere bai. Arauak espreski aipatzen ditu parkeak, lorategiak, hondartzak, kirolguneak, portuak eta kostaldeko pasealekuak. Iñigo Urkullu lehendakariak zuhurtziarako deia egin du eta hitz batean laburtu zuen bere esana: “Maskara, maskara eta maskara”.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) Covid-19aren kutsatzeen hedapena geldiarazteko lehendakariaren uztailaren 15eko 34/2021 Dekretu berria argitaratu du gaur. Dekretu honek uztailaren 7ko aurreko dekretua aldatzen du, eta Covid-19aren bidezko kutsatzeen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurriak eguneratu eta zehazten ditu.