Zaharren egoitza berria eraikitzeko proiektuaren inguruko informazioa partekatzea eskatu dio EH Bilduk Udal Gobernuari

Barren.eus 2021ko uzt. 15a, 09:45

Pilarreko orubean eraikitzekoak diren zahar egoitzari buruzko informazioa alderdiekin partekatzeko eskatu dio EH Bilduk Udal Gobernuari, "denen artean, eta herritarrekin batera, zaintza ereduaren eztabaida mahai gainean jartzeko".

Zortzi urte pasatu dira Elgoibarko Udalak Pilar ikastetxea bota zuenetik, eta EH Bilduren ustez “bada ordua” eremu horretarako proiektu bat lantzeko. Aditzera eman dutenez, prentsaren bidez jakin zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak 2022an Pilarreko orubean egoitza eraikitzen hasteko asmoa duela. Berri “pozgarria” izan da Elgoibarko EH Bildurentzat Pilarreko egoitzaren proiektua mahai gainean jartzea, "baina benetan Elgoibarrek behar duen proiektua mahai gainean eztabaidagai jartzen bada", zehaztu dute. Era berean, “kezkaz” hartu dute “berriz ere” informazioa prentsaren bidez jaso izana.

Horrez gain, pandemiaren aitzakiak ez duela denerako balio leporatu diote Udal Gobernuari: “2019ko udal eta foru hauteskundeen atarian berdina adierazi zuten. Orduan, proiektua martxan zegoela esan zuten, eta 2022rako egoitza eraikita egongo zela. Gerora jakin dugu, Batzar Nagusietan EH Bilduk egindako galdera baten harira, inongo proiekturik ez zegoela. Beraz, ezin zaio atzerapena Covid19ari egotzi. Pandemiaren aitzakiak ez du denerako balio. Proiekturik ez badago, zergatik esan zen 2019an proiektua martxan zela?”.
EH Bilduk espero du oraingoan gaiari merezi duen seriotasuna ematea Udal Gobernuak, eta elgoibartarrei gardentasunez hitz egitea asmo guztiak azaltzeko. Informazioa gainerako alderdi guztiekin partekatzeko eskatu diote Udalari, eta horrelako gai bat elkarlanean lantzeko prestutasuna erakutsi dute. Koalizioko ordezkariek adierazi dute zaintza ereduaren eztabaida mahai gainean jarri behar dela, herritarrekin batera eztabaidatzeko. "Elgoibarrek behar dituen instalakuntzak diseinatzeko, eta ez proiektu itxi bat aurkezteko, inongo ekarpenik eta lanketarako aukerarik emango ez duena. Ezin gara irisgarritasunaz hitz egitera mugatu, egoitza eredua ere eztabaidatu behar da, bertako lan harremanak nolakoak nahi ditugun, zer nolako proiektua egoiliarrentzat eta erabiltzaileentzat e.a. Garaiz gaude horrelako gai bat denen artean kudeatzeko. Ez dezagun aukera hau ere gal".

∞Lotura duten albisteak: