Jatetxeek mahaikideen erregistroa gorde beharko dute hiru astez

Barren.eus 2021ko uzt. 13a, 13:01

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako jatetxeek mahai bakoitzeko gutxienez kide baten datuak gorde beharko dituzte aurrerantzean, hiru astez.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak covid-19ari aurre egiteko prebentzio-neurrien protokoloa eguneratu du eta hor ageri den eguneraketa baten arabera, ostalariek zerbitzuaren data eta ordua idatzi beharko dituzte, eta hiru astez gorde, agerraldiren bat gertatuz gero kontaktuen jarraipena errazteko. Gainera, osasun-agintariei eman beharko zaizkie zerrendak, haiek hala eskatuz gero.

Osasun Sailak kaleratutako oharrean zehazten du barnekaldean aire librean baino handiagoa dela kutsatzeko arriskua. Hala, musukoa erabiltzearen garrantzia azpimarratu du Osasun Sailak, musukoa barruan erabiltzea derrigorrezkoa dela gogora ekarri du, edaria eta janaria irensteko unean izan ezik. Era berean, egungo protokoloan jada indarrean dauden beste neurri batzuk gogorarazi ditu, besteak beste, eskuak sarritan garbitzea edo gainazalak desinfektatu eta garbitzea.

Terrazetan ere maskararen erabilera derrigorrezkoa dela nabarmendu du Osasun Sailak, pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko distantzia mantendu ezin denean. Bizikideen artean neurri hori ez da bete behar. Halaber, dokumentuak argi azaltzen du ez dela komeni terrazetan erretzea. Honela dio protokoloan: "Berariaz gomendatzen da establezimendu horietako terrazetan eta hauen inguruan ez erretzea. SARS-CoV-2 aerosolen bidez transmititzea kutsatzeko modu nagusia da. Aerosolak arnasa hartzean eta hitz egitean sortzen dira. Karga askoz handiagoa da airea indar handiagoz igortzen duten jarduerak egiten direnean, hala nola kantatzea, oihukatzea edo erretzea. Erretzailea SARSCoV-2 transmisorea bada, inguruko pertsonak eta objektuak erretzaileak botatzen dituen tanta eta aerosolen eraginpean geratzen dira, eta kutsatzeko arriskua areagotzen da".

Ostalaritzako establezimenduetan aplikatu behar diren prebentzio neurriak honako protokoloan jaso ditu Jaurlaritzak -PDF-

Dokumentu horretan, SARS-CoV-2 birusa aerosolen bidez gutxiago hedatzeko eta aireztapen egokia ziurtatzeko hainbat gomendio ere jasotzen, ditu honako loturan.