Elgoibarrek 130 plazako adinekoentzako egoitza berria izango du

Barren.eus 2021ko uzt. 9a, 13:48

Elgoibarko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi dutenez, Elgoibarko zahar etxe berriak 130 plaza izango ditu guztira, “bizikidetza-unitate txikitan banatuta”, eta Pilar ikastetxea egon zeneko orubean eraikiko dute. Lanak "2022 urte amaieran" hasiko dituztela esan dute.

Instalazio “moderno, irisgarri eta komunitateari konektatutakoa” izango dela jakinarazi dute agintariek. Hala iragarri du, gaur goizean, Gipuzkoako diputatu nagusia den Markel Olanok, udaletxean egindako lan bileraren ondoren, non parte hartu duten, baita ere, Ane Beitia alkateak eta Gizarte Politikako foru diputatu Maite Peñak. Elgoibarren eraiki asmo duten asistentzia-ekipamenduak, egoitzaz gain, eguneko zentro bat edukiko du, 40 plazakoa, eta lurpeko aparkaleku bat eraikiko da, 140-150 plazakoa.

Zentro berritzailea izango dela adierazi dute, eta Elgoibarko egungo eta etorkizuneko beharrei ez ezik, Debabarrena eskualde osoko beharrei erantzuteko gai izango dela. “Anbizio handiko proiektu bat da, elkarlanean sortua, adineko pertsonak eta mendekotasuna dutenak hurbiltasunetik eta pertsonalizaziotik zaintzeko”. Aldez aurreko azterketen arabera, egoitza berriak 10.500 m2 inguruko azalera izango du, eraikitze-kostua 21,3 milioi eurokoa izango da, eta obrak 2022. urtearen amaieran hastea aurreikusten da.
•Bizikidetza unitate txikiz osatua
Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, COVID-19aren pandemiak hankaz gora jarri du adinekoen egoitzetako bizitza, eta Gipuzkoan hasi zuten aldaketa-prozesua bizkortzea ekarri du, "zainketa pertsonalizatuagoak, inklusiboagoak eta komunitarioagoak lortzeko". Horregatik, ekipamendu berri hau, bizikidetza-unitate txikiz osatuta egongo da (12-18 lagunekoak) eta gehienak banako gelak izango dira, komunitateari irekita egongo da, bere inguruan espazio berdeak izango ditu, baita egonleku zabalak, jantokiak eta kafetegia ere; gainera, 40 plazako eguneko zentro bat, eta 12-15 plazako unitate psikogeriatriko bat ere izango ditu.
Egoitza berria ardatza izango da Elgoibarko zaintzen tokiko ekosisteman, espazio “irisgarria eta bere inguruneari konektatua”. Olanok defendatu du Gipuzkoa aurrera egiten ari dela laguntza- eta zaintza-eredu komunitarioago baterantz, pertsona bakoitzaren beharretan eta eskaeretan zentratuta. "Gipuzkoako gizarte ereduak oinarritzat dauka egiteko modu propio bat, hirugarren sektorearen lankidetza eta esperientziarekin, eta gizarte zerbitzu eta politiken sistema finkatu batekin: gainera, gaitasun handia du eraldatzeko eta egokitzeko", azpimarratu du Olanok, eta, aldi berean, adierazi du: “Elgoibarko ekipamendu berria norabide horretan doa, hain zuzen ere, eta erreferente bat izango da lurralde mailan”.

Ane Beitia Elgoibarko alkateak adierazi duenez, egoitza errealitate bihurtzen hasiko da legegintzaldi honetan, "elgoibartarrei eman genien hitza betez. Egia da atzerapena izango duela hasierako aurreikuspenekin alderatuta, eta arrazoi nagusia COVID-19a izan da, zalantzarik gabe. Udalak 2021ean burutuko du lursailaren lagapena eta lanei 2022ko azken hiruhilekoan ekingo zaie. Aldundiarekin lankidetza estuan ari gara lanean, Pilarreko Egoitza Elgoibarko Udalarentzat legealdiko proiektu garrantzitsuenetako bat delako. Elgoibartarrengan eragin zuzena izango du, herritarrei, hurbilen duten eremuan, zaintza-zerbitzu eta arlo sozial aurreratu eta kalitatezkoa eskainiz. Apustu estrategiko partekatua, tokiko eta Gipuzkoako herritarren bizitza hobea, errazagoa eta seguruagoa izan dadin".

Aurreikuspenen arabera, 2035. urtean, Gipuzkoako biztanleen erdiek 55 urte baino gehiago izango dituzte. Datu horietan oinarrituta, Olanok azpimarratu du, orain bultzatzen dituzten ekosistemek gero eta pertsona gehiagori lagunduko diotela lurraldean. Aldundiak “estrategia partekatu” bat garatzen jarraitzen duela gogoa ekarri du, Gipuzkoa 2020>2030 Agenda, alegia, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan, helburutzat hartuta Gipuzkoa “zaintzen abangoardian” kokatzea, eta lurralde osoari ibilbide-orri bat markatzea. Estrategia horren bitartez, eta “partaidetzako ikuspegi batetik”, lanean ari dira "lurraldeko gizarte politikak indartzeko, mendekotasunaren prebentzioan sakontzeko, iraupen luzeko zaintzak bultzatzeko, eta egoitza-eredua eta etxeko zaintzak sendotzeko, beste lehentasun batzuen artean". Estrategiaren diseinuan eta garapenean hainbat lankide dituztela zehaztu du, hala nola, adineko pertsonak, senideak, zentroetako langileak, hirugarren sektoreko erakundeak, Batzar Nagusietako taldeak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, eta beste instituzio eta entitate batzuk.

∞Lotura duten albisteak: