Osakidetzak aldatu egin du txertaketa kanpainan erabilitako sistema. Orain arte, SMS bitartez ematen zuen hitzordua aktibatzeko aukeraren inguruko mezua; baina 16 eta 29 urte arteko pertsonek, ostera, ez dute mezurik jasoko eta zuzenean sartu beharko dira Osakidetzaren webgunera. Kontua da, hitzordua hartzeko aukera zabaldu denetik, gaur 12:00etan, webgunera erabiltzaile asko sartzen ari direla, eta hitzordua hartzeko dauden zailtasunak ikusita, Euskal Osasun Zerbitzuak itxarote-ilara birtualak ezarri ditu, hitzordua hartzeko. Gazte batzuek hitzordua hartzea lortu dute, tarteka funtzionatzen baitu.
Osasun Sailak zehaztu du agendak irekitzeak ez duela esan nahi astebetean txertatuta egongo direnik, eskura dituzten dosien araberakoa baita: "Pazientzia eskatzen dugu. Agendak zabalik egongo dira uztail eta abuztu bitartean".
Osasun Sailaren aurreikuspenen arabera, 16 eta 29 urte bitarteko lagunen inokulazioa uztailean eta abuztuan zehar egingo dute. Guztira, 270.000 pertsona daude adin tarte horretan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
- Telefonoz bidez, ostera, txanda hartu ahal izan dute gazteek. Hona hemen zenbakia: 943 035 250.
Hainbat lagun goizaldetik saiatu dira webgunetik hitzordua hartzen, eta horren ondorioz kolapsatu egin da gauerdian Osakidetzaren webgunea. Goizean ondo funtzionatzen bazuen ere, jausi egin da berriro ere eguerdian.
∞Lotura duten albisteak:
- Hamasei urtetik gorako gazteek ere txertoa hartzeko hitzordua eskatu ahalko dute ostiraletik aurrera (2021-07-06)