Gaur goizean bildu da Labiren Aholku Batzordea, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru dela, eta indarrean dauden neurriei eutsiko dietela jakinarazi dute bileraren amaieran. Hau da, ekaina amaieratik indarrean dauden neurriak ez gogortzea erabaki dute. Indarrean diren neurrion arabera, establezimenduek goizaldeko 02:00etan itxi ahalko dute, eta ostalaritzan mahai bakoitzean sei pertsona eseri ahalko dira, orain arte bezala. Txokoek eta elkarte gastronomikoek irekita jarraituko dute, eta publikoa egon ahalko da kirol ikuskizunetan, baina edukiera mugatuta.
Alabaina, Iñigo Urkulluk gogorarazi du, debekatuta dagoela "botilatzar", "ez jaiak" edo pertsonen pilaketa ekartzen duten beste topaketa batzuk egitea, eta dekretu batean jasoko dute kaleko edana, eta jende pilaketak sortzen dituzten "festak eta ez-festak" debekatzea.
Dekretu hori ostegunean sartuko dela indarrean aurreratu du lehendakariak, eta 15 egun barru berrikusiko dira bertan jasotako neurriak. Gainera, egungo joerarekin jarraituz gero, edo ospitale presioa areagotuz gero, merkataritza, gizarte eta kultura jarduerak ixteko ordutegia aurreratzea aztertuko dute.
Debekatuta dauden arren, Elgoibarren ere egiten dituzte botilatzarrak, herritar batek bidalitako argazkiotan ikus daitekeen moduan. Botilatzarraren aztarnak ikus daitezke, zehatzago esateko. “Igandero-igandero horrela aurkitzen dugu Albitzuriko industrigunea. Lotsagarria eta nazkagarria da. Plastikoak, botilak, edalontziak... dena lurrean zehar botata", azaldu du.