Hamasei urtetik gorako gazteek ere txertoa hartzeko hitzordua eskatu ahalko dute ostiraletik aurrera

Barren.eus 2021ko uzt. 6a, 13:25

16 eta 29 urte arteko herritarren txertaketa aurreratzea erabaki du Jaurlaritzako Osasun Sailak. Barikutik aurrera horretarako modua izango dute Osakidetzaren webgunearen bidez.

Osasun sailburu Gotzone Sagarduik jakinarazi du uztailaren 9tik aurrera, uztailean eta abuztuan zehar, 16 urtetik gorakoek COVID-19aren kontrako txertoa jartzeko hitzordua eskatu ahal izango dutela Osakidetzaren webgunearen bidez.

Sagarduik onartu du txertoak heltzen diren neurrian egin ahal izango dela gazteenen txertaketa, oraindik bukatzen ari baitira goragoko adin tarteen txertaketa. Zehaztu duenez, herritarren erdiak baino gehiagok lortu due txertaketa pauta amaitzea, eta 10 pertsonatik 7k gutxienez dosi bat jaso du. Halaber, iragarri du uztailean amaituko dela 60-69 urteko pertsonen immunizazioa, eta datorren astean itxiko dela funtsezko langileen txertaketa. Gaineratu duenez, Osakidetzak ahaleginak egingo ditu aste honetan, 30 eta 39 urte bitarteko pertsonen artean botikak inokulatzeko, eta 40-49 urtekoen artean aurrera egiten jarraituko du, horien % 80k jaso dituztelako bi dosiak jada.

 • Elgoibarren eta Mendaron positibo berririk ez
Eusko Jaurlaritzak kaleratu du koronabirusaren bilakaeraren inguruko eguerdiroko txostena ere, herriz herriko datuekin. Atzo ez zuten koronabirus kasu berririk atzeman Elgoibarren eta Mendaron. Eskualdean, berriz, hiru koronabirus kasu berri atzeman zituzten Eibarren; eta, kasu bana atzeman zuten Mallabian, Mutrikun eta Soraluzen.