Gora egin du birziklatu ezin diren hondakinen kopuruak Debabarrenan, 2020ko lehen seihilekoarekin alderatuta

Barren.eus 2021ko uzt. 6a, 12:10

Debabarreneko Mankomunitateak emandako datuen arabera, 2021eko lehen seihilekoan iaz baino 100 tona hondakin gehiago bildu dira edukiontzi grisean, hau da, birziklatu ezin diren hondakinen kopurua igo egin da. Edukiontzi grisean uzten diren hondakinak partzialki bereizten dira Zubietako tratamendu mekaniko biologikoko instalazioan, baina ezin dira guztiz birziklatu.

Ermuan, Eibarren, Mutrikun eta Debako udalerrietan egindako azterketek erakusten dutenez, kasu gehienetan, edukiontzi grisean lagatako hondakinen %65a baino gehiago birziklatu egin litezke, dagozkien edukiontzietan utzi izan balira. Horregatik, Mankomunitateak honakoa azpimarratu du beste behin ere: "Garrantzitsua da hondakinak behar bezala bereiztea, dagokien edukiontzian utziz, birziklatu ahal izateko eta ingurumena zaintzen laguntzeko".

 • Atzera pausu txiki bat hobetzen ari ziren datuetan
Errefusaren zatikian utzitako hondakinen kopurua murrizten ari zen 2018tik, baina beheranzko joera positibo hori aldatu egin da 2021eko lehen hiruhilekoko datuekin, 2020an baino 100 tona gehiago bildu baitira.
Errefusaren murrizketari dagokionez, urtez-urteko bilakaera positiboa izan da, 2021eko lehen sehilekora arte. "2020ko lehen seihilekoan, alarma-egoerak eta konfinamenduak baldintzatuta, 6.888 tona hondakin bildu ziren edukiontzi grisean, 2019an baino 202 tona gutxiago, eta 2019an, 2018an baino 433 tona gutxiago jaso ziren".

 • Helburua: edukiontzi grisean urtean 522 tona hondakin gutxiago biltzea
Mankomunitateko Batzar Nagusiak, 2020ko uztailean, Plan Estrategikoa onartu zuen, 2030ean gaikako bilketaren %70era iristeko. Horretarako, hondakinen sorrera egungo 31.500 tonatan mantenduz, edukiontzi grisean utzitako hondakinen kopurua urtean 522 tona murriztu beharko litzateke.
Ikusita aurreko urteetan herritarrek eta gizarteko eragile guztiek aurrerapausoak eman dituztela errefusa kopurua murrizteko, Mankomunitateak Debabarrenako herritar eta eragile guztiei eskatu die hondakinak bereizten jarrai dezatela, "haien inplikazioa funtsezkoa baita Debabarrena eskualde jasangarriagoa eta ingurumenarekiko errespetuzkoa izan dadin", esan dute.
Asmo handiak eguneroko ohituretara eraman behar direla azpimarratu dute, ez bakarrik etxean, baita kalean, saltokietan edo enpresetan ere, eta hondakin bakoitza dagokion edukiontzira bota behar da beti. "Normaltasun berrian" sartzen ari garen honetan, planeta eta ingurumena errespetatu egin behar ditugula gogoratzea garrantzitsua dela ohartarazi dute. Gaueko aisiarekin edo herriko jaiekin zerikusia duten espazioek ere ingurumena errespetatzen duten espazioak izan behar dute, eta, ondorioz, hondakinak leku guztietan bereizi behar dira, "bai herri-bazkarietan, bai elkarte gastronomikoetako afarietan, bai gure udalerrietako tabernetan eta baita beste edonon ere".