Kuadrillan eta konektatuta hasi dute uda Nuala Elkarteko gazteek

Barren.eus 2021ko uzt. 2a, 09:24

Aniztasun funtzionala duten pertsonek eta haien gurasoek osatzen dute Nuala elkartea eta udarako antolatu dituzten jardueren berri eman dute. Horrez gain, Caixa Bankek egindako diru ekarpenari esker, Nualako familia bakoitzak tablet bat jaso du.

Kuadrillan hasiko dute aurten Nuala elkarteko (www.nualaelkartea.org) gazteek uda. Batetik, Oriora joaten hasi dira arraunean egiteko, eta bestetik, zaldi-terapia saioak ere programatu dituzte irailerako eta urrirako. Uztailerako eta abuzturako, berriz, Udako gazte kuadrilla izeneko ekimena antolatu dute, estreinakoz. Programa horren baitan, aniztasun funtzionala duten inguruko gazteak elkartu nahi dituzte. Astean hiru egunez batuko dira gazteak eta begiraleak, udan ohikoak diren planetarako: hondartzara joan, Mintxetara igo.... Nualatik nabarmendu dute proiektu horiek gauzatzeko ezinbestekoa izan dutela zenbait erakunde eta enpresak emandako babesa eta eskerrak eman dizkiete honakoei: Elgoibarko Udalari, Danobat Groupi, CaixaBanki, La Caixa Fundazioari eta Elgoibar Ikastolari.

2021 07 01 nuala tabletak elgoibar udakogaztekuadrila

 • Komunikazioa errazteko teknologia
Kuadrillan eta konektatuta ere hasiko dute uda, baina, Nualakoek. Izan ere, Caixa Bankek egindako diru ekarpenari esker, Nualako familia bakoitzak tablet bat jaso du eta haiei esker Orange Fundazioak aniztasun funtzionala dutenen arteko komunikazioa errazteko sortutako aplikazioak erabili ahal izango dituzte. Guzti horrez gain, Bizipoza Elkartearekin ere bat egin du aurten Nualak. Irabazi asmorik gabeko gziarte ekintzako proiektua da Bizipoza, izaera bereziko arloak lantzen dituzten haurren eta familien ongizatea lortu nahi duten elkarteei laguntza afektiboa eta materia emateko helburuarekin sortutakoa. Eta bat egite horren barruan bideo bat ere sortu dute Bizipoza.eus webgunean ikusgai dagoena.