"LGTBI Komunitatearen diagnosi bat egiteko konpromisoa" agertu du Udalak, herritar guztien eskubideak bermatuko diren agertoki batera iristeko helburuarekin

Barren.eus 2021ko uzt. 1a, 20:35

Elgoibarko Udalak Sexu Askapenaren Nazioarteko Egunarekin bat egin du, eta Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek onartu dute egun horren harira adostu duten adierazpen instituzionala, non hainbat konpromiso hartu dituen Udalak. Era berean, Udaleko Berdintasun Sailak ‘ElgoibartHARROK’ argazki lehiaketa jarri du abian, Harrotasun Egunari lotutako lehiaketa.

'ElgoibartHARROK’ argazki lehiaketan parte hartu nahi dutenek, uztailaren 2tik 11ra Harrotasun egunarekin lotutako argazki bat atera eta berdintasuna@elgoibar.eus helbidera bidali behar dute. Parte-hartzaileen artean, herriko dendetan gastatzeko bi erosketa bono zozkatuko dituzte.

LGTBI+ pertsonen eskubideen aldeko eta sexu askapenerako Nazioarteko Eguna izan zen ekainaren 28an, astelehenean, eta egun horren harira adierazpen instituzionala adostu zuen Idalak eguaztenean egin zuten osoko bilkuran. Ahobatez onartu zuten adierazpena. Hona hemen:
"52 urte igaro dira lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualak poliziarengandik jasotzen zituzten jazarpen eta xantaia jarraituen aurka jaiki zirenetik Stonewall-en. Gertaera hark mugarri bat ezarri zuen LGTBI pertsonen borrokan. Harrezkero, munduko leku askotan, LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Aniztasun soziala eta, bereziki, aniztasun afektibo- sexuala aldarrikatzeko eguna da, pertsona guztien eskubideak gizarte osoari gogorarazteko helburua duena.

2020ko martxotik, COVID-19aren pandemia hasi zenetik, aparteko une historikoak bizi izan ditugu. Badirudi poliki-poliki egoera horretatik ateratzen ari garela, baina hori ezin da aitzakia izan kolektibo guztien eskubideak ez gogoratzeko, bereziki, kalteberenak direnenak.

Urtebete baino gehiago igaro da pandemiak gure bizitzak gogor astindu zituenetik. Informazio eta datu askoren arabera, badakigu, jada, konfinamenduak LGTBI pertsonen aurkako diskriminazio-maila handiagoak ekarri dituela; haien eskubideak bermatu beharrean, urratuak izan dira, zaurgarritasun bereziko testuinguru batean.

Ekainaren 6an, taldeko eraso homofobo izugarri bat jasan zuen Basauriko bizilagun batek. Gizartea kalera atera zen, baina beharrezkotzat jotzen dugu LGTBI kolektiboaren eta kolektibo kalteberenen eskubideen bermean sakontzen jarraitzea.

Horregatik, ekainaren 28an, berriz ere aitortu nahi dugu LGTBI kolektibo eta pertsona ugariek Euskal Herrian egin duten borroka luze eta ordainezina, eta bidenabar, Elgoibarko Udalak kolektibo horren eskubideekin duen konpromiso politikoa berretsi nahi dugu, baita urteko egun guztietan ere.

Adierazpenetatik harago, gure konpromisoa politika zehatzetan islatu behar da, dagozkien giza baliabideekin eta baliabide tekniko eta ekonomikoekin, eta mugimendu feministaren eta LGTBI mugimenduaren ordezkari eta adituekin lankidetzan.

Elgoibarko Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

  • LGTBI pertsona guztien erabateko berdintasun eraginkorraren alde lanean jarraitzea, barneko, Europako eta nazioarteko ordenamendu juridikoaren arabera.
  • LGTBI pertsonak nazioartean aitortutako eskubide guztien titularrak direla, eta inolako diskriminaziorik jasan ezin dutela aldarrikatzea.
  • Tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa bermatzeko eginkizunetik abiatuta, LGTBI pertsonak diskriminatzeko moduei buruzko ezagutza eskuratzen laguntzeko eta tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipio hori lortzen lagunduko duten beharrezko neurri eta tresna guztiak bultzatzea. Horretarako, Udal langileei formazioa eskainiko zaie.
  • Bere eskumenen esparruaren baitan, diskriminazioaren aurka babesteko LGTBI araudi integral bat bultzatzea, gaur egun indarrean dagoen araudia osatzeko.
  • LGTBI Komunitatearen diagnosi bat egitea, herriko eragile eta norbanakoekin, herritar guztien eskubideak bermatuko diren agertoki batera iristeko helburuarekin.
  • Jatorria sexu- orientazioan eta genero-identitatean duten indarkeria-mota guztiak irmoki gaitzestea, agerikoak zein ikusezinak; bai eta gorroto-delituak, diskriminazioa, intolerantzia, umiliazioa eta gainerako indarkeria nabarmen edo sotilak ere.
  • LGTBI mugimenduak hartutako konpromisoa eta egindako lana aitortzea, LGTBI kolektiboaren giza eskubideak aitortzeko egindako aurrerapenen funtsezko atal gisa.
  • Herritar guztiei dei egitea diskriminazio-modu guztiak bazter ditzaten, eta LGTBI mugimenduak gure herri eta hirietan deitutako ekintza guztietan parte hartzera anima daitezen".