Herri barruko autobus zerbitzuarekin zer lortu nahi duen galdetu dio Gaurgeroa-Duintasunak Udalari eta doakoa behar lukeela esan dio

Barren.eus 2021ko eka. 30a, 14:49

Udalbus zerbitzua martxan jarri izana txalotu dute Gaurgeroa-Duintasunetik, baina zerbitzu horrek debaldekoa izan beharko lukeela jaso dute, batez ere pentsio apalak dituzten erretiratuentzat eta langabeentzat. Bestetik, zerbitzu horren helburuez galdetu diote Udal gobernuari.

Gaurgeroa-Duintasunekoek uste dute presio soziala “isiltzeko” jarri duela martxan Udalak udalbusa, “baina irizpiderik gabe, gogorik gabe eta oso gustu gutxirekin”. Haien ustez, lau hilean 12.000 erabiltzaileren kopurua hamar aldiz biderkatzea izan beharko luke helburuak. Gero eta gehiago erabiltzea, alegia, eta horretarako zerbitzuak “duina” izan behar duela jaso dute: “Badirudi proposatutakoa porrot egiteko dela, hemendik bi urtera zerbitzua ez dela erabiltzen esatea bilatzen dela. Uste dugu Elgoibarko Udalak erabilera sustatu behar duela eta ez alderantziz”.

Nabarmendu dute autobus zerbitzuak herriko ekonomia eta merkataritza aktibatzeko balio behar duela, eta baita herritarrek autoa gutxiago hartzeko ere, adibidez Mintxetara joateko. Horren harira, haurrak dituzten familientzako bonoak edota urte osorako abonu-sistemarik aurreikusi duten galdeu diete Udalari: “Bi seme-alaba dituen familia batek Mintxetatik gora eta behera badabil, egunean zortzi euro ordaindu beharko ditu. Logikoa iruditzen zaizue? Urte osorako abonu-sistemarik inplementatuko duzue? Nola kudeatuko duzue? Edo ez da geldialdirik egongo Mintxetan?"
Lurraldebusen zerbitzuaz ere galdera egin dute. Altzola eta Sigma auzoen arteko tiketaren kostuaren inguruan Aldundiari proposamenik egin dioten galdetu diote Udalari eta tarte horretan zerbitzuak doakoa izan beharko lukeela esan diote.